
Leioako Umore Azokak maiatzaren 14tik 17ra bitartean, 45 konpainiaren eskutik, antzerki, dantza, zirku eta musikako ehun ikuskizun bilduko ditu herri horretan. Gainera, Umore Azokak 300 profesional baino gehiago elkartuko ditu topagune handi batean, trukeak eta kontratazio aukerak bideratzeko.
Edizio honetan 17 euskal konpainiak hartuko dute parte, Espainiatik 22 etorriko dira eta beste 6, Frantzia, Italia, Lituania edo Argentina herrialdeetatik. Aipaturiko 45 konpainia horietatik 30 baino gehiagok beren lanak lehen aldiz aurkeztuko dituzte Euskal Herrian, eta horien artean 25 estreinaldi izango dira.
Jaialdiak euskara sustatzeko apustua ere indartuko du, bai eszenan bai esparru profesionaletan erabilera errazteko ekimenekin, zuzeneko itzulpen sistemak eta laguntza-materialak barne, hala nola hiztegi txiki bat konpainientzat, euskara oinarrizko hitz eta esaldi errazekin.
Jaialdiaren atariko gisa, Umore Azoka hirigunetik harago zabalduko da Umore AUzokaren bidez. Piezak Leioako auzoetara eramango dira, maiatzaren 8an, 10ean, 13an, 22an eta 24an programatutako bost proposamenen bitartez.
Taldeen ikusgarriak, ordutegiak, tokiak eta abar: Umore Azoka.



