
Elias, vida mía; zinemari eskainitako bizitzaren argazkiak erakusketa abiatu da San Telmo Museoan azaroaren 8ra bitartean. Bertan zuri-beltzezko hainbat irudi ikusi ahalko dira, batik bat bere filmografia, eta bizitza pribatua errepasatzen dituztenak.
Erakusketa 60ko hamarkadan hasten da eta gaur egunera arte luzatzen da. Hala bere pelikulak bi zatitan banatu dituzte: frankismoaren urteak (1963-1977) eta zinema demokrazian (1977-gaur egunera arte). Filmei buruz Víctor Ericek, Jaime Chávarrik, Fernando Méndez-Leitek, Jean-Claude Carrièrek, Manuel Gutiérrez Aragónek edota Elías Querejetak berak esandako hainbat azalpen ere azaltzen dira.
Beste sail batean ekoizleak Donostiako Zinemaldiarekin izan duen harremana eta bere bizitza pribatuaren pasarte batzuk ikusi ahalko dira. Bertan ere, Michel Gaztanbide euskal gidoilariak eta Donostiako Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek idatzitako testuak irakurri daitezke.
Elías Querejeta (Hernani, 1934 – Madril, 2013) gidoilaria eta dokumentalista izan zen eta, itzal handia izan zuen zinema munduan. Antxon Eceiza, Carlos Saura, Víctor Erice, Fernando León de Aranoa, Emilio Martínez Lázaro, Montxo Armendariz, Jaime Chavarri, Ricardo Franco edo Gracia Querejeta zuzendarien lanak ekoiztu zituen.



