LITERATURA

“Literaktum”, hiri osoan hedatzen den literatura festa

Literaktum jaialdiak literatura beste lengoaia batzuekin berbetan jarri nahi du beti. Aurten, Donostian Nazioarteko Zinema Astea 70 urte sortu zela probestuz, jaialdiak Literatura eta zinema izango du ardatz.

“Literaturak hitza du osagai nagusi, zinemak berriz, irudia baina biek partekatzen dute helburu bera: lengoaiaz haratago, emozio eta sentimenduak sentiaraziko dizkiguten istorioak kontatzea. Film bilakatu diren eleberriek beteko dute aurtengo programazioaren parte garrantzitsuena. Literaturatik zinemarako eraldaketan horretan, bi sorkuntza horien konparazioen zuzentasunaz hitz egingo dugu, zeren, ba al dago zer konparatu? Edo idazle batek dioen moduan, traizioa al da film bihurtzean eleberri bati gerta dakiokeen hoberena? Zer irabaz edo gal dezake eleberri batek film bilakatzean? Eta idazleak? Denek irakurtzen al dugu eleberri berbera? Beti al da hobea nobela? Ba al dira filmean pentsatuz idazten duten sortzaileak?”

Galdera horiei guztiei erantzun bat bilatzeko asmoz aditu asko bilduko dira azaroaren 14tik 27ra bitartean, Donostian. Gaur berton abiatuko den jaialdian Beñat Sarasolak Pello Lizarralde elkarrizketatuko du. Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956) euskal literaturako ahots narratibo berezkoenetakoa da. Salmenta masiborik ez duen idazle izanagatik, aspalditik du irakurle-multzo fidela. 1984an argitaratu zuen estreinako nobela, E pericoloso sporgersi. 2020an Argiantza lana plazaratu zuen, Euskadi Saria eskuratu zuena. Berriki, Sastraka (Erein, 2022) artefaktu literariorako narrazioak idatzi ditu.

Beste euskal idazle batzuk izango dira bertan, tartean, Iban Zaldua, Katixa Agirre, Miren Gorrotxategi, Jon Arretxe,… Juan San Martin sortu zela 100 urte bete dira ekainean, eta data hori profitatuz, Oier San Martin semeak azalduko ditu aitak euskal literaturan eginiko ekarpenak.

Bestelako idazle, gidoilari eta zinema zuzendariak ere izango dira jaialdian, hala nola, Eduardo Mendoza, Lorenzo Silva, Virginia Feito, Abdellah Taia, Gabriela Ybarra, Ángeles González-Sinde, Héctor Abad, Isaac Rosa, María Oruña, eta abar.

Hainbat erakusketa, antzerki, errezitaldi musikatu eta bertso saio literario ere programatu dira hil honetan Donostian garatuko den Literaktum jaialdian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button