EZLEKUBAT

Olentzero: “Badirudi XIX. mendeko puritanismoa berpiztu dela”

Aste honetan EHko haurren hamaika amets eta ilusio gauzatzea bere esku dituen pertsonaia mitikoarekin solas egin dugu bere Mungiako baserrian, Olentzero Jaunarekin, hain zuzen ere. Bere omenezko abesti ezagunak dioenez, Olentzero, ikazkina ogibidez, urde tripa izugarria duen gizona dugu; ardozale amorratua eta tabakoaren legea ezarri zenetik erretzea kriminilazitua dagoenaz kexatzen den pipa erretzaile konpultsiboa. Baina berari buruz zerbait nabarmentzekotan, burua aparteko entendimenduaz jantzia duela da zalantzarik gabe ondoren ikusiko duzuenez.

EHko hainbat haurren heroia zara nahiz eta dituzun ohiturak guraso askoren iritziz eredu eskasa diren haien seme-alabentzat.

Bai. Egia esan gizarte gero eta puritanoago batean bizi gara, badirudi XIX. mendeko puritanismoa berpiztu dela. Gaur egun politikoki zuzenak diren gauzak soilik dira onargarriak, ezin dira iritzi errotiko edo erradikala defendatu, nahiz eta hauek diren hain zuzen ere, sustraira edo errora doazenak, eta badirudi erretzea, alkohola edatea, eta gorputzari atsegina ematen dion ezer gaizki ikusia dagoela. Erretzea debekatu dute, eta alkoholari dagokionez, gero eta alkoholik gabeko edari gehiago atera dituzte: 0,0 garagardoa aspalditik dago, eta orain ardoa ere bai… Gizarte deskafeinatu batean bizi gara. Aurrekoan Danimarkan edo oso koipetsuak diren jakiei zerga berezia jarri behar dietela aditu nuen… Estatuak gizabanakoak adin txikiko heldugabeak bailiran tratatzen ditu, eta horrek, Pigmalion efektua dakar, autobetetzen den iragarpenarena hain zuzen ere: gizartea tenteltzen da. Gainera haurrak gehiegi babesteko jarrera dugu. Laster ezkutaketan jolasten harrapatzen dituzten haurrak ere psikologora eramango ditugu… Beldur naiz horrela jarraituz gero ni ere kriminal gisa salatu behar ez ote nauten…

Salatu ez dakit, ordezkatu baliteke. Jakingo duzunez EHko ume askok “Papa Noel” edo “Santa Klaus” jatorriz Turkiakoa den pertsonaian sinesten du zugan sinetsi beharrean.

Bai, urrutiko intxaurrak beti izan dira erakargarriagoak. Bestalde, interesgarria da nola pobretzen ari den mundua kulturalki globalizazioaren ondorioz. Gero eta berdinagoak edo uniformeagoak bilakatzen ari gara, sustrairik gabeko izaki bihurtzen… Gutxi dira nire istorioa ezagutzen dutenak. Agian horrela behar du izan, baina nik kolore ezberdinez beteriko mundu bat nahiago nuke, herri txikien tradizio eta kultura ezberdinez margotu eta aberasturiko kolore anitzetako mundua, eta ez mundu monokromo bat.

Kontatu bada nondik datorren zure izena, zure istorioa.

Teoria ezberdinak badaude ere, eta toki ezberdinetan izen ezberdinak eman badizkidate ere – “Onentzaro”, “Onontzaro”…- Lope Martinez de Isastik XVII. mendean emaniko azalpena da egia. Nire jatorrizko izenak “Onen-(tz)aro”, hau da, «gauza onen garaia» esan nahi du. Eta bai, egia da, jentila nintzela. Hasiera batean beste hainbat jentilekin batera bizi nintzen, baina zeruan argi arraro bat ikusi genuen behin, oso distiratsua zena. Izututa jentil zaharrenarengana joan ginen zer zen jakin asmoz eta hark zera esan zigun: “Kixmi /Jesus jaio da, euskal arrazaren amaiera da”. Ondoren bere buruaz beste egin zuen amildegi batetatik jausiz eta gainontzeko jentilak lur azpian gorde ziren. Ni izan nintzen ezkutatu ez zen bakarra, izan ere, gauza ezezagunek beti jakin-mina piztu didate eta gorde beharrean, izarra jarraitzeari ekin nion (ez dut inoiz onartuko beldurrak nire bizitza mugatzea). Horrela, izarrari jarraituz Belenera heldu nintzen eta Jesus ezagutzeko aukera izan nuen. Aparteko gizona zela iruditu zitzaidan, bere mezua guztiz indartsua eta iraultzailea zen: behartsu eta aberatsen arteko ezberdintasunekin bukatzea. Horregatik hil zuten. Gaur egun ere kapitalistek hil edo isilaraziko zuten –gauzak, funtsean, ez dira horrenbeste aldatu-.

Lehen gizartea deskafeinatua dela esan duzu. Zu zeu ez al zara nahiko deskafeinatu jentil izatetik kristau izatera pasatzean?

Beno, egia da denborarekin izaera lasaitu eta gozotu zaidala. Lehen haurrak ez nituen gustuko, baina orain haien xalotasuna eta bizitzarekiko ilusioa oso gustuko ditut. Pertsona guztiok (ala gehienok) ere nagusitzean lasaitzeko joera duzue, ez? Eta ni oso zaharra naiz! Bestalde, ez dakit nire kristautzeari buruz hitz egitea oso egokia den, nik ez diot Mariri uko egin, ezagutu eta gurtzen dut, eta ez naiz Jainkoaren beldur den erreprimitu bihurtu. Ez dut elizaren instituzioan sinesten, Jesusen mezuan baizik. Horregatik urtero bere jaiotza ospatzeko, eta gogoratzeko haur guztiei opariak ekartzen dizkiet. Memoria historikoa oso garrantzitsua da. Zentzu horretan tradizioak mantentzeari funtsezkoa deritzot.

Ironikoa ala paradoxikoa da Gabonak kontsumismoa sustatzeko garaia bilakatu izana, ez?

Bai, gizakiak kontraesanez josiak gaude. Kapitalistek, dena indar ekonomikoaren menpe jartzea lortu dute. Che Guevara, Lenin eta hainbaten irudiak katiluetan, kamisetetan eta abar saltzea lortu dute. Dena dago salgai gure gizartean. Oso zaila da sistemaren eraginaren menpe ez erortzea, izan ere komunikabideen bidez etengabe burmuin garbiketa egiten digute. Zentzu horretan zoriontsua naiz, urte osoan hemen, baserrian, ez dut telebistarik ezta irratirik entzuten eta zorionez ez dago publizitaterik. Horrek nire ideia propioak izatea ahalbidetzen dit, eta ez telebistako albistegietan ematen dizkiguten aurrekontsumituriko iritziak. Hainbat herrialdetako egunkariak bai irakurtzen interneten, eta horrela informazioa lortzea errazagoa suertatzen zait.

Zeintzuk dira gehiago eskatu dizkizuten opariak?

Bada, esan beharra daukat aurten oso pozik nagoela Durangoko azokan aurkezturiko hainbat liburu eta CD eskatu dizkidatelako. Esaterak, Governors taldearen Collage diskoa, Bide Ertzeanen  Don Inorrez, Berri Txarraken Haria… eta gero Esne Beltza, eta betiko euskal klasikoak: Laboa, Lete, Benito Lertxundi… Literatur arloan berriz, hain gazte ez direnek Joseba Sarrionaondiaren Narrazio Guztiak eskatu didate. Beraz euskal kulturak indartsu darrai.

Benetan euskal arraza hil al da, jentil zaharrenak iragarri bezala?

Ez. Zorigaiztoko iragarpen ezkor hori ez da bete. Euskara Europako hizkuntza zaharrena da, aurreindoeuropearra hain zuzen ere, eta bizirik dirau. Zorionez, euskaldun asko gaude munduan, euskara jakiteaz gain eguneroko bizitzan euskaraz bizi garenok, eta indarra dugu (Frankoren diktadura pairatu eta gainditu genuen). Beraz, euskara egiten duen jendea bizi artean, herri honek aurrera egingo du.

Zer eskatu behar diozu Olentzerori aurten?

Helduek haur garaiko ilusio eta ametsak bizirik mantentzea eta haiengandik borrokatzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button