Iruñeko Kondestablearen jauregian, Mendebaldeko Saheleko gatazkari buruzko Hiru mugak argazki-erakusketa dago ikusgai urtarrilaren 11 arte.
Erakusketak 2019tik 2021era bitartean Mali, Burkina Faso eta Niger arteko mugetan gertatutako suntsiketari buruzko 65 argazki eta azalpen-testuak bildu ditu.
Erakusketa Afrika behar-beharrezkoa zikloak programatutako jarduera-multzoaren barruan dago. Zikloa Bakerako Lankidetza Batzarreak, Felipe Rinaldi fundazioak, Medicus Mundik, Ojos del Mundo fundazioak, Oxfam Intermonek, Proclade Yanapayk, SEDek (Elkartasuna/Hezkuntza/Garapena) eta TAU fundazioak antolatu dute. Haiekin elkarlanean aritu dira Flor de África elkartea eta Nafarroako Ateneoa, eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute.
Eskualde hartan hiru muga daude, eta 2012an altxamendu jihadista izan zen. Bertako egoera oso larria zen, miseria eta bertako gobernuaren ezintasunak ere tartean zeuden. Horrek guztiak armaden eta mertzenarioen muturreko indarkeria eragin zuen, batez ere, zibilaren aurka.
Erakusketaren egileek eta komisarioek Burkina Fasoko iparraldera, Maliko erdigunera eta Nigerreko mendebaldera bidaiatu zuten, eta bertan bizi izandakoa erakutsi nahi izan dute.
Erakusketan kolorezko irudi ederrak daude, bai eta “oihalez inprimatuak, paperean inprimatuak markoztatu gabe, mapak eta biniloak, baita instalazioak, bideoak eta proiekzioak ere”.