BESTELAKOAK

Sorkuntzaren garrantziaz

Euskararen Egunaren kariaz, Bizkaiko Foru Aldundiak euskal sorkuntzak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta horretarako euskarazko argitalpenen inguruko datuak zabaldu ditu: 2020. urtean 844 izan dira argitaratutako euskarazko sorkuntza lanak, horietatik 636 liburuak izan dira, eta %40,5 haur eta gazte literaturari dagozkionak dira. Gainera 44 aldizkari espezializatu publikatu dira, jokoak berriz, 10 izan dira, filmak 44 eta musika lanak 102.

Datu horiek guztiak Bizkaiko Foru Liburutegian gauzatu den eta euskal literaturaren zabalkundea bilatzen duen Inspirarte proiektuarekin batera haizatu ditu Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak. Inspirarte 16 ikaslek osatutako Strom gazte elkartetik sortutako egitasmoa da, eta “Bizkaiko udalerriak literatura-esaldiz betetzean datza”.
Proiektu horrek “euskal literatura modu desberdin batean ikusarazi nahi du. Mugimendu literario honen bitartez, Bizkaiko jendearengan inpaktua eragin nahi da, bai eta euskal literaturarekiko interesa piztu eta kontsumoa sustatu ere. Literaturaz gain, esaldi eta lan hauen atzean dauden Euskal Herriko idazleei ikusgarritasuna eman nahi zaie”.

Bizkaiko Foru Liburutegiko ekimenerako Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak bere obraren honako esaldia aukeratu du: Hizkuntza arrotzez hitz egingo dizut hizkuntza arruntek arrozten dutena ezagun egin dakizun.

Data hori probestuz, Lorea Bilbaok euskaraz sortutakoa (musika, antzerkia, literatura, filmak…) kontsumitzeko deia egin du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button