BERTSOTAN

Bertsolari gazteen XXII. BBK sariketa

Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bertsolari gazte inguru batuko dira bihar abiatuko den BBK Sariketaren XXII. edizioaren barruan.
Bizkaiko Bertsozaleak Elkarteko Jone Narbaizak azaldu duenez, “Txapelketan Bizkaiko eskualdeetako bertsolariek osaturiko zazpi talde izango dira. Talde bakoitza sei bertsolarik osatuko dute, bi adin-mailatan banatuta: 18 urte artekoak eta 18tik 24ra artekoak”.

Eskualde bat ordezkatuko du talde bakoitzak. Hala, Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe, Enkarterriak eta Durangaldea arituko dira txapelketan. “Duela urte batzuk Enkarterrietako talderik ez zegoen, eta orain poztea da bertoko taldea indartuta datorrela ikustea”, esan du Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduradunak.

Diogun bezala, bihar hasiko da ekimena eta lehenengo sei taldeak hiru saiotan lehiatuko dira, martxoaren 11n, 12an eta 18an, Markina, Zalla eta Algortako ikastetxe eta kultura-etxeetan.
Finalerdiak martxoaren 19an eta 25ean izango dira, Durangon eta Igorren, eta Durangaldea automatikoki igaroko da fase honetara aurreko edizioaren irabazlea izan zelako.

Azken saioa, hots, final handia, martxoaren 28an izango da, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.

Talde txapeldunarentzat 1.260 euro izango ditu lehen sariak. Bigarren saria 900 eurokoa izango da, eta 140 euro emango zaizkio bizkaierarik onena erabiltzen duen bertsolariari. Txapelketak, gainera, beste 3.780 euro banatuko ditu parte hartzen duten bertsolari guztien artean, dieta legez. 

Arkaitz Estiballes Bizkaiako Bertsolarien Txapeldunak, bertsolari gazteen jarduna bultzatzeko BBK-k hartu duen konpromisoa eskertu nahi izan du, “horri esker eta bertso-eskolek apurka-apurka egiten duten lanari esker, Bizkaiko bertsolarien mapa osatuz joan delako. Izan ere, Bizkaiko puntako bertsolari gehienak BBK sariketan kantatu izan dugu, eta orain, plazera da atzetik datozenek zelako maila handia duten ikustea, saio batzuk oso maila altukoak baitira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button