Ahotsa Igor Elortzak jartzen du eta Rafa Ruedak bere gitarra astintzen du. Bikotearen proposamen berria da beste asmo batekin: “Bikotean ibiliko gara 2024ko neguan, solasaldi-emanaldiak eskainiz, gertuko giroan, orain arte arrazoi bategatik edo besteagatik iristerik izan ez dugun herrietan. Bere izena ere ipini diogu formatu txikiko proposamen honi: Kantuak Berbekaz Bete.
Kantuak Berbekaz Bete berezi egingo duena, batez ere, solasaldi-emanaldi formatua izango da. Bertsogintzaren eta euskal kantagintzaren baitan kokatuko dugu Anonyme Popular egitasmoa, eta, hala ulertuta, gure sorkuntzaren eta proposamenaren gakoak ikus-entzuleekin partekatzea da gure nahia.
Zuzenekoak eskaintzen hasi ginela urtea beteko den honetan, eszenaratze soilagoko eta harreman zuzenagoko formatua prestatu dugu, bikotean jarduteko. Musikalki zein irudi aldetik zaindua izango da, hala ere; ikus-entzunezko bertsoak eskaintzen jarraituko dugu, aurrez landutako moldaketekin eta bideo-proiekzioekin”.
Otsailean makina bat tokitan ibili dira, eta asteburu honetan ere hurbiletik ikusteko parada egongo da: otsailaren 16an, Zuiako Udaletxean izango dira, 19:00etan, eta otsailaren 17an, Berrizko Kultur Etxean, 19:00etan.