
Maiatzaren 26an, ostegunarekin, Postmodern Jukebox musika kolektibo estatubatuarra Kursaal Auditorioan arituko da, Kursaal Eszenaren eskutik.
Kontzertu berezi horretan azken hamarkadetako pop eta rockeko ikur bilakatu diren kantuen aukeraketa aurkeztuko du Postmodern Jukebox taldeak. Jazz eta swing erritmoetatik abiatuz, musika-jai batean murgilaraziko ditu entzuleak egiten ari den The Grand Reopening Tour birarekin.
Taldearen nondik norakoak honela labur daitezke: “Hamarkada bat baino gehiago igaro da Scott Bradlee musikari eta konposatzailea fakultateko lagun batzuekin bere Astoriako (Queens, AEB) apartamentuko sotoan kantuak jotzen eta filmatzen hasi zenetik. 2009an 80. hamarkadako hainbat kantu ragtime estilora eramanda medley edo pot-pourri baten bideoa argitaratu zuten Bradlee eta lagunek: hori izan zen biral bilakatuko ziren hainbat eta hainbat bideotatik lehena. Hain zuzen, 2013an Robyn Adele Anderson abeslariarekin kaleratu zuten Macklemore & Ryan Lewis-en Thrift Shop kantuaren bertsioak milioi bat ikustaldi izan zituen aste bakarrean; horren ondotik Introducing Postmodern Jukebox (2013) kolektiboaren lehen diskoan kaleratu zen. Hainbat izan dira ordutik taldeak argitaratutako diskoak, 5,5 milioi jarraitzaile dituen Youtube orrialdeko aipatu bideoez gain.
2014tik hona mundu mailako birak ohikoak izan dira kamera baten aurrean jotzen hasi zen taldearentzat: 70 artista inguruk hartu dute parte gaur arte musika aroen denbora-makinan, eta maiz izaten dira kolaboratzaile bereziak ematen dituzten kontzertuetan, ikuskizun bakoitza bakar eta errepikaezin bilakatuz.”
Emanaldiaren gaineko datuak www.kursaal.eus webgunean