
Juan Kruz Igerabidek Nonahiko musika (Balea Zuria) saiakera plazaratu du. Hizkuntza, poesia eta pentsamendua dantzan jartzen ditu Igerabidek liburu honetan, berezkoa duen dotorezia eta sakontasunarekin. Artea eta maitasuna aukeratu ditu liburuaren ardatz gisa, eta enbor horretatik abiatzen da, baina adar eta bihurgune askorekin, irakurleari zer pentsa eta zer goza emateko.
Bere aurreko lanean, Ura saltoka, bere txikitandiko oroimenetan barna, modu jolasgarri eta bizigarrian aritu zen autobiografia sentimental bat osatzeko, hari xume batek lagunduta: natura bera. Behinolako garai haietatik aktualitate gordineraino heldu da gaurkotasunari atxikiz ere. Eta ohi duen euskara jator, jori eta gozagarriz horniturik.
Berak zioen moduan, “irakurleak askotariko kontuak topatuko ditu, betiere natura hondoan dagoela; topatuko ditu oroitzapen pertsonalak, gogoetak, pentsalarien eta poeten ekarpenak, zientzia-kontuak. Eta, batez ere, hori guztia darabilen ahotsa, jakin-minez eta sentipenez betea. Ahots hori ez da inori ezer irakasten ari, baizik eta bere jakin-mina eta sentipenak irakurlearekin partekatzen”.
Juan Kruz Igerabide lehen eta bigarren hezkuntzako irakasle izan ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan da, Euskal Filologia sailean. Mikel Laboa Katedraren zuzendaria ere izan da aipaturiko unibertsitatean. Haur eta gazteentzat idatzi du batez ere, baina baita helduentzat ere, hala poesian nola prosan. Haur literaturaren eta helduen literaturaren azterketa zenbait egin ditu, batik bat poesiaren eta tradizioko literaturaren arloan. Helduentzat, baditu zenbait poema-liburu eta nobela, eta orobat saiakera eta aforismo-liburuak.



