ESZENA

Elkarrizketarako plaza “EzBerdin Berdinak” proposamenarekin

Gaur, hilak 12, Gasteizeko Europa Jauregian EzBerdin Berdinak proposamen kultura eskainiko dute makina bat artistak, tartean Kukai Dantza Taldeak.

Hala, ikusgarrian dantza garaikidea, musika, bertsolaritza eta antzerkia nahastuko dira, baina ez da ikuskizun soil bat izango, elkarrizketarako eta elkar ulertzeko plaza bat baizik. “Euskal nortasun garaikideari buruzko gogoeta piztu nahi duen proposamen artistiko eta parte-hartzailea da eta ikusleari gonbita egiten dio nor garen, zer partekatzen dugun eta nola eraiki nahi dugun gure etorkizun kulturala galdetzera”.

Ikuskizunarekin batera “hausnarketa kolektiborako saio gidatu bat egingo da ostean, pintxo eta edariekin lagunduta, bertaratutakoak modu atsegin batean bizi izandakoaz eta sortu zaizkien galdera berrien inguruan solastu ahal dira”.

Diogun moduan artista eta sortzaile asko hurbilduko dira bertara parte hartzera, tartean, Kukai Dantza, Vazkez, Leire Vargas, Sunita, Mixel Etxekopar, Iñaki Dieguez, Zuberoako dantzariak (Beritza elkartea), La Pulga, Chimid Bboy, Xabier Solano, A Cronica edo Josune Vélez de Mendizabal. Horiez gain, lurraldeko  dantzari eta abesbatzak  ere bertan izango dira.

EzBerdin Berdinak azaroaren 8an aurkeztu zen Iruñean (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Frontoian), eta ondoren Donibane Garazin, azaroaren 28an (Jai Alai Trinketean). Gasteizko Europa Jauregia izango da hurrengo agertokia gaur, abenduaren 12an, eta abenduaren 19an eta 20an Donostiako Tabakaleran izango da.

Show More

Related Articles

Back to top button