
Ura Bere Bidean kontzertu erraldoiak Kantuz ikuskizuna eramango du Donostiara larunbatean, hilak 13, Ipuskoako milurtekoaren ospakizunaren barruan.
Kantuz ikuskizuna esperientzia bakarra izango da, Euskadiko Orkestra protagonista eta Fernando Velázquez bera zuzendari izango delarik, oso berritzailea eta ezberdina izango den ekoizpen batean. Euskal abesti garaikideen estilo ezberdinen bidez kantua sustatzea du helburu. Horretarako lurraldeko abesbatzei ekitaldian parte hartzeko gonbitea luzatu zaie.
Horiez gain, 25 artista eta euskal talde bilduko dira oholtza gainean , bi ordu baino gehiagoko zuzeneko musika eskaintzeko eta garai eta estilo ezberdinetako kantu herrikoiak sinfonikoki interpretatzeko. Parte hartuko duten artistak hauek dira: Süne, Eider, Neomak, Amak, Idoia, Maren, Olatz Salvador, Nøgen, Sua (Ane Barrenetxea), Eñaut Elorrieta, Skakeitan (Pello Armendariz), Xabi Solano, En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Zea Mays (Aiora eta Piti), Gozategi, Betagarri (Iñaki Ortiz), Mikel Urdangarin, Leihotikan, Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida), Doctor Deseo (Francis), Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Urko.
Ura Bere Bidean proiektuak “belaunaldi ezberdinetako artistak balioan jarri nahi ditu, euren ekarpena aitortu, publiko berriak sortu eta zabaltzea bilatu, esperientzia bakarrak eta hunkigarriak sortu, banaketa eredu berriak esperimentatu eta azken 50 urteetako euskarazko musikaren inguruan ondare sinfonikoa eraiki”.



