EZLEKUBAT

“Minerita” Raúl de la Fuente zuzendariaren azken filma

Potosiko Cerro Rico (Bolivia) legerik gabeko lurraldea da, indarkeria izugarrikoa. Meatzariek bizitza arriskatzen dute meazulo kalamastra horietan, zilarra eta zinka ateratzeko. Onik irteten direnek edozertarako eskubidea dutela uste dute. Eta emakume-ehizari ekiten diote. Minerita gauzain edo meatzari lanetan diharduten Lucíaren (40), Ivoneren (16) eta Abigailen (17) historia da, bizitzeko egokia ez den infernu horretan bizirik irauteko egin behar duten borroka kontatzen duena. Arma handirik ez dute, ez bada kemena… eta dinamita. Istorioa guztiz harrigarria iruditu zaigu eta filmaren egilearekin izan gara dena konta diezagun.

Minerita izeneko dokumentala Ander Izagirre eta Dani Burguik egindako kazetaritza lanean oinarriturik dago. Nola garatu zen aurretiaz egindako dokumentazio bilduma-lana eta dokumentalerako adaptazioa?

Ander Izagirre eta Dani Burguik egin duten erreportajea bikaina da. Horregatik gustatu zitzaidan, eta deitu nien esateko: “Istorio ederra da, pantailaratu nahiko nuke”. Amaia Remírez, Minerita filmaren ekoizlea eta biok eurekin hitz egin genuen eta istorio piloa kontatu ziguten, eta gainera kontaktuak eta dokumentazioa eman zizkiguten. Laguntza ikaragarria izan zen.
Boliviako Potosin herrian dagoen Cerro Ricoko meategietan lan egiten duten umeei buruzkoa zen erreportajea. Elkarrizketa haietan ikusi genuen dokumentalak beste ikuspegi bat bazuela: Zer esan nahi du giro arrotz eta biolento horretan emakumea izatea?

Potosin egin zuen errodajeaz  zer esan ahal diguzu? Zailtasun handiak izan zenituzten?

Potosiko Cerro Rico 4.702 metrotan dago. Han alturaren eragin txarra pairatu genuen. Heldu eta berehala, ekipoko kide batek kolapso moduko zerbait jasan zuen, eta hiltzear izan zen. Zorionez, dena ondo atera zen, eta bera onik, baina ekipoan bi kide baino ez ginen gelditzen: Axel O´Mill soinuaren arduraduna, eta biok. CEPROMIN sindikatuaren laguntza izan genuen, eta eurek lagundu ziguten protagonistak diren emakumeekin kontaktatzen. Cerroa oso toki biolentoa da, polizia ez da horra igotzen ausartzen; legerik gabeko esparrua da. Geu, meatzariek bortxatzen eta tratu txarrak ematen dizkieten emakumeekin lan egiten genuen. Horrexegatik ez zen erraza han errodatzea, meatzariak ez baitzeuden batere pozik gure presentziarekin.

Zein da Potosiko emakumeen egoera soziala eta laborala? Nortzuk dira Cerro Ricoko meategiko “guardianak”?

Boliviako erdiko probintzietatik, lan bila etorritako emakumeak izaten dira hauek. Euren senarra meatzari hasten da lanean, baina bizi-iraupena eskasa da; 45 edo 50 urte. Emakume hauek alargundutakoan, meategian edota inguruan hasi behar dira lanean. Lanaren azken katea dira, eta 409 euro inguru kobratzen dira hilero lan ezberdinak egitearen truke. Zaindariak dira, “guardianak”, eta meatzarien lanabesak zaintzen dituzte etxeetan, baina lapurtzen badizkiete makina horiek, prezio osoa ordaintzera derrigortzen dituzte (700 euro makina bakoitzak).
Horixe gure protagonistetako bati gertatu zitzaion, Abigail, 17 urterekin.
Meatzariek botatzen duten mineralaren artean ere bila eta bila aritzen dira, saltzeko zerbait aurkituko duten esperantzarekin.

Nola egiten diete aurre sufritzen duten biolentzia matxistari? Boliviako gobernuak ahaztuta duen errealitatea da?

Dinamitarekin. Emakume ausart hauek dinamitarekin defendatzen dute euren burua erasotzaileengandik. Gauean, txakurrak zaunkaka hasten direnean, etxeko atarira ateratzen dira eta dinamita botatzen dute. Egunean, Ivonek esaten zigun, beti eramaten duela harri bat eskuan. “Con miedo siempre duermo en la noche. Pensando que va a pasar algo, o que va a entrar un ratero. Cada noche para dormirme tengo que rezar. Así, con miedo siempre.” esaten zigun.

Evo Moralesen gobernua arazo honetan diru pixka bat sartu duen lehen gobernua da, eta garrantzitsuagoa dena, arazoaren errora jo du: pobrezia. Eskola-laguntzarako bonoekin; emakume haurdunei, jubilatuei, beharrizan gutxiago izateko familiei laguntzen diete, eta horrela umeak  ez dira meategira joango.

Istorioak hiru emakumeren lekukotasuna kontatzen du. Dokumentalaren ardatza dira edota bestelako errekurtso erabili dituzu?

Eurak dira protagonistak. Eurek daramate pisu narratiboa, nahiz eta labur honetan gutxi hitz egiten den. Dinamita eta minerala ehotzen ikusiko ditugu, meategiko jaungoikoari, Tioari, gurtzen babes ditzan, edota erortzear dauden meategiko tunel eta galeria beldurgarritan barneratzen. Han, galerietako barru-barruan, Abigailek kontatu zigun, gau hartan bi mutil hil zirela, berak gorpuak ikusi zituela. Baina lanean segitzen du….

Lana behin amaituta, hain harrera beroa izatea espero zenuen?

Minerita montatzen amaitu nuenean oso pozik sentitu nintzen. Uste dut nire lanik onena dela, eta kariño berezia diot. Horrexegatik oso harro nago jasotzen ari den harreragatik. Gainera oso inportantea da problematika hau ikusaraztea, egun batean, etorkizunean desager dadin.

Dokumentala jaio zenetik, Goya sarietarako hautagaitzaraino, zer-nolako ibilbidea egin du dokumentalak?

KIMUAK katalogoan onartua izatea izan zen lehen poztasuna. Ekimen ederra da, KIMUAKek munduko jaialdirik onenetan mugitzen eta zabaltzen dituelako filmak. KIMUAK prestigio handiko katalogoa da,  eskertzen da bere babesa. Bestalde, Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza eta Boliviako UNFPA eta ICCA entitateen babesa ere jaso du.

Minerita filmak honako sariak eskuratu ditu:
Best International Documentary Shortfilm, FENACO, Peru, 2013, Mejor Corto Vasco; Gureak, Cortada, Gazteiz, 2013; Special Jury Recognition, South West London International Film Festival, UK, 2013.

Eta honako jaialditan parte hartu edo hartuko du:
Clermont-Ferrand International Short Film Festival (France, 2013), IDFA (The Netherlands, 2013), Docs DF (Mexiko, 2013), MiradasDoc, Guía de Isora, (Spain, 2013), Cine Invisible, Bilbo, (Spain, 2013), FENACO (Peru, 2013), Le Festival du Film Court de Villeurbanne (France, 2013), Festival de Cine de Zaragoza (Spain, 2013), South West International Film Festival de Londres (UK, 2013), Cortada, Gazteiz (Spain, 2013), Corto Imola (Italia, 2013), EKO IFF (Nigeria, 2013), Certamen de Cortos Luis Gonzaga (Spain, 2013), MECAL, Festival Internacional de Cortometrajes de Barcelona (Spain, 2013), Bogotá Short Film Festival (Colombia, 2013), Uluslararasi Izmir Artemis Film Festival (Turkey, 2013), Script Film Fest (India, 2014), Festival de Cine de Lanzarote (Spain, 2014), Festival de Cine Latino de San Diego (USA, 2014)

Goya sarietan hautatua izan zara bi aldiz (aurrekoa, Virgen Negra, 2012). Zein ekarpena egingo dizu hautagaitza honek zuri eta dokumentalari?

Honek, istorio honi buruzko interesa handiagotuko du. Minerita jende asko ikuste ari da eta hori da niretzat inportanteena…. horretarako egiten dugu, ezta?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button