LITERATURA

“Jon Mirande, olerkaria” liburua

Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria izeneko liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak. Lana, Euskaltzainak bildumaren 18. zenbakiarekin argitaratu da, eta bertan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz.

Egileak idatziriko hitzaurre interesgarritik honako lerroak atera ditugu: “Joan den mendeko berrogeita hamar urteetan, Euskal Herrian, faxista zela aldarrikatzeak idazle baztertu bilakatu zuen, bestalde, nahiz bera espiritualista izan, kristautasunaren eta Elizaren aurka idazteak ez zion lagundu; elizaren eta dotrina puritanoaren itzalean bizi zen herrian bere ideia heterodoxo berritzaileek, eskandalu egin zuten Ez zuelako euskaldunen artean inor bere nazi ideien alde zegoenik ediren, politika apur bat utzirik literaturari eman zen baina hor ere arrakasta gehiegi gabe: berak 1953. urtean aurkeztu olerki bilduma ez zen, bera hil ondoren baizik, 1976. urtean argitaratu.
Nire ustez euskal literatura modernismoan sartzeko lehen urratsa Jon Mirandek zuen eman; gure hizkuntza gehiegi irauli gabe euskal literaturan isilduak edo ia debekatuak ziren gaiak erabili zituen. Bai, bere gaien ausarkeriak luzerako euskal literatura jasoari sakristia usaina kendu zion”.

Peillenek bildu dituen olerkiak lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotza), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satira). Mirandek olerki gehienak euskaraz idatzi zituen, hortaz, liburuan jaso direnak frantsesera itzuliak izan dira.

Liburua hemen irakur dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button