MUSIKA

“Musika dibertigarria da” kontzertu didaktikoen zikloa, Bilbon

Maiatzean, Bilboko Udalak Musika dibertigarria da kontzertu didaktikoen zikloa abiatuko du. Ekimena maiatzaren lau ostiraletan izango da, Bertendona Institutuan. Programa honetan hainbat musika taldek parte hartuko dute, biztanleen artean musikarako zaletasuna sustatzeaz gain, musika klasikoa eta hain ezagunak ez diren beste estilo batzuk haiengana hurbilarazteko.

Diogun bezala, lau kontzertu antolatu dira hileko ostiral bakoitzean, maiatzaren 7an hasi eta 28ra bitartean. Hortaz, gaur berton izango da lehen zita, 18:30ean hasita, Bilbaosinfonietta Quartet taldearekin. Beatriz Alcalde eta Zuriñe Inzunza (biolina), Lidia Miranda (biola) eta Nora Lopez (biolontxeloa) musikariek osatzen dute taldea. Zinemako soinu-banden artean kontu handiz hautatutako obrak eskainiko dituzte, Zinemako soinu-bandarik onenak izeneko saioan, eta haien aurkezpen didaktiko bat egingo dute, “publikoari esperientzia magiko, argiz eta irudimenez betea biziaraziko diona”.

Datozen asteetako hitzorduak honakoak dituzue: maiatzaren 14an, Musikarium ilargi, musikaren planetan olgetan, haurrei zuzenduriko euskarazko saioa; maiatzaren 21ean, Sustrai Art Dúo taldearen Una visión de los siglos XVII al XXI kontzertua;  eta maiatzaren 28an, Trío Vocal Argenta Backstage taldeak zarzuela, opera eta musikalen kontzertu didaktikoa eskainiko du.

Indarrean dauden babes eta higiene neurriak bete beharko dira eta maskara nahitaez erabili beharko da jardueretan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button