KULTURARTEKOTASUNA

Irungo Harrera Sarearen kezka

Irungo Harrera Sareak bere kezkak agertu ditu ondoko testuan.
“Urtea hasi baino ez da egin eta mugimenduan dauden pertsonen egoera gero eta okerragoa eta arriskutsuagoa da. Urtarrilean pertsona migratzaile asko iristen ari da Irunera, Irungo Harrera Sarea horren lekuko izaten ari da egunero. Urtarrilaren seian 50 pertsona baino gehiago iritsi ziren. Frantziako polizia mugan ezartzen ari den kontrol arrazista gero eta zorrotzagoa da, eta nahiz eta pertsona migratzaileak behin eta berriro saiatzen diren muga zeharkatzen, polizia frantsesak atxilotu eta Hego aldera ekartzen ditu bueltan bidegabeki. Gurutze Gorriak ezartzen dituen arauak betetzen dituzten pertsonek hiru gau pasatu ditzakete gehienez aterpetxean. Urtarrilaren seian, zeropeko bi gradu genituela lau pertsona kalean utzi zituzten. Irungo Harrera Sareak hurrengo egunean bi kanpin denda jarri zituen pertsona hauek babesteko. Iaz 225 pertsona utzi zituzten kalean. Gurera iristen ari diren pertsona migratzaileak lur jota daude, bidean aurrera egitea ia ezinezkoa dela ikusi eta ez dakite zer egin. Gainera, azken egun hauetan kontatu digutenez ba omen da jendea pertsona hauen deseperazioaz baliatzen dena dirua ateratzeko, euro batzuen truke Endarlatsara hurbiltzen dituzte eta handik ibaia gurutzatzera bultzatu. Joan zen ostiralean migratzaile batek polizia frantsesarengandik ihesi, femurra apurtu zuen, ebakuntza egin behar izan diote eta gutxienez hiru hilabete beharko ditu bidaia jarraitu ahal izateko. Beste izugarrikeriaren bat gertatuko ote beldur gara. Berriz ere eskatzen diegu erakunde guztiei, aitzakiak utzi eta benetako erantzukizunaz jokatzeko, egoeraren larriaz jabetu eta elkarrekin lan egiteko, neurriak har ditzatela pertsona hauek babesteko eta gizalegezko harrera duin bat eskaintzeko.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button