BERTSOTAN

Igor Elortzak eta Rafa Ruedak sortu duten “Anonyme Popular” Azpeitian ikusgai

Igor Elortzak eta Rafa Ruedak elkarlanean sortu duten proiektu ederra da Anonyme Popular. Igandean, hilak 29, Azpeitiko Soreasu Antzokian (19:00) egingo dute estreinaldia. Zita horren ostean, otsailean, Zarautzen, Elorrion, Iruñean, Hernanin eta Oñatin izango dira. Martxoan Bilbon, Baigorrin, Amasa-Villabonan eta Amurrion aurkeztuko dute.

Baina zer da Anonyme Popular? Anonyme Popular edonor izan daiteke, eta aldi berean, norbait da. Igor da. Inor. Bere izenean eta besteren abizenean arituz, nitasun garaikide ertzdun bat dakar hitzetara Igor Elortza bertsolariak, gutartasun lanbrotsu baten erdian. Bere buruaz beste, besteon munduaz mintzatuz, ispilu deseroso eta maitekor baten aurrez kokatzen gaitu guztiok.
Hitzak jostari josiz jarri ditu bertsoak; noiz sakon, noiz arin. Norbanakoaz eta jendeaz ari da, maitasunaz eta desiraz, azaletik barrura eta kanpora garenaz, gizonez eta feminismoaz, euskaldunon iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eguneroko nahi eta ezinez. Garaiaz eta giroaz. Buruz beste bihotzez.”

Bertsoen hitzaren eta ahotsaren jarrera bereizgarri berekoak dira Rafa Ruedarekin landu dituen doinuak eta soinuak ere. Rapa, trapa, popa, funkya, mundurako erritmoak…
Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus-entzunezko narrazioen sortzaileekin osatzen da zuzeneko emanaldia, bertsoen hariari eta musikaren aireari paisaiak erantsiz; paisaia humanoak, urbanoak, mundanoak.

Anonyme Popular ikusi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button