
Ameriketako Estatu Batuetako Atlanta hirian eratutako Black Lips taldeak hankaz gora jarri zuen nazioarteko garage-punk eszena 2000ko hamarkadaren hasieran. Izan ere, haiek izan ziren 1960ko hamarkadan errotutako estilo primitiboaren bigarren revival garaia piztu eta irauli zutenak; 1980ko hamarkadaren amaieran, hain justu, lehenengo revival garaia gertatu zen, Miracle Workers, Chesterfield Kings edo The Lyres bandak tarteko.
Bada, ostegunean, Donostiako Dabadaba aretoan izango dira Black Lips, iaz argitaratutako Satan’s Graffiti Or God’s Art? lana aurkezteko. Estatubatuarrekin batera, Albert Cavalier donostiarrak arituko dira.
Black Lipsek 2002an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa; 1960ko hamarkadako garage-rock klasikoan inspiratu zen lan basati hura. Diskoa estilo horretan espezializatutako Bomp! diskoetxe prestigiotsuak argitaratu zuen.
Hala, estudioko zortzi disko luze plazaratu ostean, taldeak zale asko bildu ditu, bai eta haien proposamena bigundu eta landu ere. Eboluzio horren isla da Satan’s Graffiti Or God’s Art? disko berria. Grabazioan taldearen ohiko garage-punka antzematen da, baina baita blues klasikoaren zertzeladak edo tarte esperimentalagoak. John Lennonen seme Sean-ek ekoitzi du lana; Yoko Onok ere parte hartu du grabazioan. Taldekideen aburuz, “estreinakoz gure soinuak islatzen du badakigula zertan ari garen”. Dabadabaren arabera, lan berria tontor berri bat da taldearen 20 urte inguruko ibilbidean.



