
Bihar, maiatzak 7, Iruñeko Udalaren erabilera anitzeko aretoan, 19:00etan, Julen Gabiria, Andrea Prosper, Martin Etxauri eta Maite Mutuberria adituek Komikia kontu serioa da izeneko mahai inguruan parte hartuko dute. Ekimena Iruñeko Udalak antolatu du Nafar Ateneoarekin eta Biurdana Institutuarekin lankidetzan, Biurdana Institutuan egingo den euskarazko irakurketa publikoaren harira. Oraingoan, Joe Sacco egile estatubatuarraren Palestina lana aukeratu da.
Hain zuzen ere, Julen Gabiriak Palestina komikia euskaratu du, bai eta Saccoren trilogiaren beste bi komikiak ere: Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak. Egileak Palestinako egoerari buruzko trilogiaren itzulpen-prozesuan izandako bizipenei buruz mintzatuko da, bai eta 1992an Pulitzer saria jaso zuen Art Spigelmanen Maus holokausto naziari buruzko lanaz ere.
Ondorengo mahai-inguruan “komikiaren hizkuntza istorio konplexu eta sakonak kontatzeko tresna gisa erabiltzeko aukerari buruz” hausnartuko dute Andrea Prosper ilustratzaileak eta Martin Etxauri ikertzaile eta ilustratzaileak, Gabiriarekin batera. Maite Mutuberria ilustratzaileak mahai-inguruaren moderatzaile lanak egingo ditu.



