IKUS-ENTZUN

Hiri-eraldaketen ibilbide zinematografikoa “Zinema eta hiria” zikloan

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak Zinema eta hiria zinema zikloa abiatu du, eta hileko azken asteazkenetan egingo dira emanaldiak Ordezkaritzako ekitaldi-aretoan, 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina COVID-19aren eraginez hartutako neurriak direla eta, aldez aurretik izena eman beharko da.

Ekimenak hiri-eraldaketen ibilbide zinematografikoa proposatzen du, “zinearen jatorriarekin bat datorren fundazio moderno eta industrialetik gaur egungo konfigurazio postmoderno eta globaleraino.”

Hala, lehen seihilekoan thriller generoari eskainiko zaio programazioa, Le jour se lève (Marcel Carné, 1939) edo Ascenseur pour l ‘échafaud (Louis Malle, 1957) filmekin. Film horiek “gerra osteko metropoliei buruzko begirada kritikoa ematen dute. (…) Espresionismoak, errealismo poetikoak eta noir frantsesak forma estetikoa eta sentikorra ematen diote Atlantikoaren alde bateko eta besteko hiri-horizontea luzatzen eta lausotzen duten hirietako kanpoaldeetan dauden auzoetan islatzen den hiri eta gizarte arloetako porrotari”. Bihar bertan Le jour se lève (Marcel Carné, 1939) pantailaratuko da.

Goikoen ostean, Ernesto del Rio zuzendariaren Hotel y domicilio (1995) filma programatu da.  Filma joan den mendeko azken hamarkadan egin zen, eta “gainbehera industrialaren sintomak hiri kosmopolita berriaren bilbe eta arkitekturetan lausotzen diren eraldaketa-prozesuan dagoen hiria erakusten du.”

Institutu Frantsesarekin lankidetzan, Claire Simon zuzendari frantziarraren El bosque de los sueños realizados (2015) filma erakutsiko du zikloak. Piezak egunero Parisko Vincennes parketik igarotzen diren herritarren eguneroko bizimoduko hiri-eraldaketaren sintomak aztertzen ditu.

Amaitzeko, La Fundicion aretoarekin lankidetzan, The Only Possible City/La única ciudad posible aurkeztuko da. “Testuz, irudiz eta dantza bidezko eszenaratzeaz osatutako performance-hitzaldi baten formarekin, aurpegiak hiri-espazio garaikideko identitateen eta alteritateen eraikuntzan zelan hartzen duen parte hausnartzen du piezak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button