ESZENA

Hika Teatroak “Tarara” aurkeztuko du Arriaga Antzokian

Thriller kutsua eta edertasun poetiko handia dituen Josi Alvaradoren Tarara lanaren estreinaldia egingo da Arriaga Antzokian. Bihar, urtarrilaren 27an, lanaren euskarazko emanaldia egingo da, eta urtarrilaren 28 eta 29an, gaztelaniaz izango dira emanaldiak.

Arantxa Iturbek egindako itzulpenarekin osatu da Tarara pieza, eta bertsio horretan Eneritz Artetxe, Kepa Errasti, Tania Fornieles, Jurdana Ochoa, Jose Cruz Gurrutxaga eta Adrian Garcia de los Ojos izango dira antzezleak. Gaztelaniazko bertsioan Itziar Ituñok, Kepa Errastik, Sandra Ferrúsek, Jurdana Ochoak, Jose Cruz Gurrutxagak eta Adrian Garcia de los Ojosek parte hartzen dute.

Testuak suspense kutsua du, bai eta aire poetiko bat ere. “Tarara inoiz kontatu ez den hainbat haurraren historia da; haragiaren barnerako bidaia iniziatikoa, mendekotasun sortzailea. Barkamenari buruzko ipuina da, diferentziaren goraipamena, non Txanogorritxuk, azkenean, biolina joko dien otsoei.”

Lanaren sinopsia hauxe duzue: “SanFran auzoan bizi da Rosa, haur biolinista. Liszt eta jada hilda dauden beste musikagile batzuk ikusten dituela uste du, eta horiek biolina jotzen laguntzen diotela. La Tararak, gauez lan egiten duen prostitutak, lagunduko dio mamuen aurkako borrokan. Rosa helduak eta Rosa haurrak elkarrekin egingo dute topo, sekretu baten inguruan joan-etorrian dabiltzan oroitzapenen artean: sute bat, errautsak eta babes-geruza bat bezala zabaltzen den ahanztura. Halako batean, tiradera batean aurkitutako maitasun-gutunek haurraren oroimen hautsia leheneratuko dute. Musikaz eta edertasunez beteta dagoen haurrak ez zeukan izuarentzat lekurik gordeta bere baitan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button