EZLEKUBAT

Nostalgiaren ilusioa

Egun hauetan Lurrean 7.000 milioi lagun izatera iritsi garela esan digute. Datu hauek beti nolabaiteko alarma pizten dute, beti ere jendez gainezka dauden irudiekin lagunduta. Edonola, lurraren azala inoiz ez da arazoa izan, guztientzako leku soberan dago. Ezak beste nonbait daude… Inoiz ados jarriko ez garen 7.000 milioi lagun. Batez ere, gauza garrantzitsuetan. Hala ere, munduan egunero milioi lagun ados egoten dira, eta antzeko zaletasunak eta ikuskizun berdinak konpartitzen dituzte. Milioika lagunek Rockaren Erregea, Poparen erregea eta erregina izendatu zituzten… milioika aldi berean telebistaren aurrean txapelketa bat ikusteko biltzen dira. Moda batek milioika lagun ikuskizun berdinera eramaten duenean, zer gertatzen da ordura arte gustukoak zituzten ikuskizun zaharrekin? Bat-batean hutsik gelditzen dira? Zer egiten du artista batek egun batetik bestera txalorik gabe gelditzen denean? Etxera itzultzen da sabela hutsik duen eskalea bezala? Bere buruan oihartzuna baino ez du entzuten gorren antzera? Noiz erabakitzen dugu zer edo zer zaharkituta gelditu dela? Zeri bukatzen zaio lehenago kontsumitzeko epea: talentuari ala jakin-minari?


L´illusionniste (El Ilusionista, espainieraz) olerki animatua da, non rock artistak eta telebistaren agerpenak azti baten zuzeneko formatu txikiko ikuskizunak desagertzeko arriskuan jartzen dituzten. Esperientzia luzea gorde, ikuskizunak gero eta hobeto egin, publikoaren keinuak interpretatzen ikasi eta gero, artista asko umezurtz gelditu ziren, gero eta hutsago azaltzen ziren eskenatokien gainean. Jacques Tati-ren gidoiarekin, samintasunak eta nostalgiak Eskoziako herrixka batean kokatutako  azti baten eta neska gazte baten arteko maitasun istorioa zipriztintzen dute.

Garai bat bukatzen denean tristura orokortu egiten da. Aurrera segitzen ekidin gabe, behin eta berriz begirada atzera bueltatzen da. Gero eta urrunago egon, orduan eta samurragoak dira gure oroimenak. Baikortasunak etorkizunera bultzatzen gaitu baina nostalgiak iragan lasaigarria irudikatzen digu, batez ere une nahasietan.


Sylvain Chome-ren sentikortasuna eta dotorezia nahastuta, irudiak presarik gabe pasatzen dira, elkarrizketa gutxirekin, zinema mutua gogora ekarriz. Nahikoa hunkitzeko eta barre egiteko. Inguruen detaileen aberastasunak eta erretratu hiper-pertsonalek gure oroimenez ari delako sentsazioa ematen digute. Fotograma delikatuak goizero hartzen dugun gosariaren nostalgia pizteko gai dira. Kritika inoiz da horren paper ederrean bilduta aurkeztua izan: erromantizismoak esnobismoa salatzen du. Belaunaldien arteko ulertezintasuna, garai ezberdinen arteko komunikaziorik eza… aztia izan behar da horren errealitate eskergaitzetik ilusio pittin bat ateratzeko.

Sarritan espazioak bata bestearen ondoren datozela pentsatzen dugu, era paralelo batean: baserri-giroa, hiri-giroa; tradizioa, modernitatea. Hala ere, gauzak ez dira beti horrela. Ia beti gatazka suertatzen da. Lehia batean sartzen dira eta hasi aurretik txapelduna zein izango den badakigu. Horren argi daukagu, ezen ikus-entzuleoi amaiera arte gelditzeak lotsa ematen digula. Ikuskizun zaharrak ez ziren desagertu berriak agertu zirelako. Publikoa izan zen, bukatu baino bost minutu lehenago desagertu zena.




Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button