ESZENA

Gaur abiatuko da BAD

Gaur hasiko da La Fundicionen eta Campos Antzokiko Kupula aretoan eskainiko diren lehenengo bi ikuskizunekin, Bilboko Udalak antolatutako Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia, BAD. Urriaren  29ra bitartean 20 konpainiaren azken lanak ikusteko parada izango da.

Ricky Hollywood artista frantsesaren kontzertu batekin inauguratu zen atzo BAD, baina programazio eszenikoa gaur, urriaren 20an, hasiko da La Fundicionen, A placer lana agertokira eramango duen LaBuena Compañía talde katalanarekin.

Urriaren 29ra arte, BAD hiriko sei agertokitan (BilbaoArte, La Fundicion, Bilborock, Campos Antzokiko Kupula Areto, Pabellón 6 edo Berreginen Museoko eszenatokietan) ospatuko da.  
La Fundicion aretoak bertako panoraman garrantzia hartzen ari diren artisten estreinaldiak jasoko ditu, Nuria Perezena edo Nerea Martinezena (BilboEszenako egoitza artistiko baten irabazlea), besteak beste, eta baita nazioartean ospea duten konpainia batzuen azken lanak ere, Vera Manterorena edo Malika Djardirena, adibidez. Aretoak betidanik,  gure hirian eszena garaikidearen aldeko apustua egin du.

Beste aldetik, ikusiko ditugun lanen artean, Estatuko sei estreinaldi izango dira, bai  eta erabateko estreinaldia izango diren euskal konpainien beste horrenbeste lan. Gainera, dantzaren eta dramaturgia alorretan lan egiten duten artista gazte askoren proposamenik abangoardiakoenak ikusteko parada izango da. Hala, Olatz de Andres, Nuria Perez, Ana Capilla, Nerea Martinez, Proyecto Larrua, Kanpai eta Peru Sabanek estreinaldiak oholtzaratuko dituzte.
Lan batzuek musikarekin batera ere agertaraziko dituzte. Hala, urriaren 24an, zuzeneko musikari batek eta hiru antzezlek (Mikel Losada, Getari Etxegarai eta Irene Bau), Buñuelen eta bere biografoaren arteko topaketa eta elkarrizketa surrealista antzeztuko dute.

Estatu mailako estreinaldiak hauen eskutik etorriko dira: Vera Mantero, Malika Djardi, Cally Spooner, Michele Rizzo, Alessandro Sciarroni eta Raodouan Mriziga. Eta hemengo artistak hainbat lan eszenaratuko dituzte; batzuk aipatzearren: Baserri proiektua, Biraka obra, White Lies, Funtzak edo Misión Käpsa.

Jarduera paraleloak ere antolatu dituzte. Hala, jaialdia irauten duen bitartean, zinemara hurbiltzeko aukera ere egongo da, izan ere, dantzarekin zerikusi zuzena duten hainbat film pantailaratuko dira. Eta urriaren 28an, 4 eta 12 urte arteko umeak dituzten familiei zuzendutako dantza eta mugimendu jarduera ere programatu da Bilborock aretoan, 17:30etik aurrera.

Noiz, zer eta non jakin ahal izateko, BADen webgunera sartzea duzue onena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button