EZLEKUBAT

Lingua Nabajorum: “Antzezlan on batek existitzeko arrazoia du”

Tartean teatrok agenda beterik dauka datozen hilabeteetan, eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu.
Lingua Nabajorum da gehien mugitzen ari den lana. Urrian hainbat herritan izan ostean, azaroan, Barkoxe (azaroak 10), Bilbo (12 eta 13), Berriozar (17), Hernani (21), Zigoitia (29)  eta Amurrio (30) bisitatuko dituzte bertako kideek. Eurekin izan gara lan horretaz eta datozen proiektuez mintzatzen.

Lingua Nabajorum 2012ko ekainean aurkeztu zenuten Bilbon.  Aste honetan berriro egongo zarete hor emanaldi birekin. Aurkeztu zenutenetik, zer nolako ibilbidea egin du obra honek? Zerbaitetan aldatu da bitarte horretan?

Antzezlan bat bizirik dagoen bitartean eraldatuz doa apurka-apurka, ia oharkabean. Baina funtsean hasierako berbera da. Gure ikuskizunak testuan oinarrituta dago, eta testua oso finkatuta dator hasieratik. Gertatzen dena da, lantzean behin, antzezteko orduan, halako aurkikuntza txikiak gertatzen direla, ustekabeko hitzezko ateraldi bat, edo keinu berri bat, edo jarrera berri bat. Horrela, poliki poliki, antzezlana aberastu egiten da, biziago garatu. 

Oholtzatik zer nolako harrera ikusten da jendearengan? 

Gaizki dago guk esatea, baina oso erantzun ona, beroa.  Ohituta gaude gure ikuskizunekin barrea eragitera. Baina ikuskizun honetan, gure estiloari eusten badiogu ere, badago aurrerapauso bat teatraltasunaren ikuspuntutik. Gure aurreko ikuskizunak soilagoak ziren, eta estetikoki xumeagoak. Kasu honetan, eskenaratze eta irudien aldetik eraberritze bat dago.

Lan honek muntaia onenaren Max Saria irabazi zuen. Zer suposatu du zuentzat? 

Errekonozimendu bat, dudarik gabe. Denok dakigu sariak (eta hau ere) zenbateraino diren aleatorioak; ez dute saririk jasotzen saria merezi duten askok, eta badira sari bat merezimendu gabe jasotzen dutenak ere… Baina horrelako piropoak atseginak dira. Eta zure lana egun batez askoren ahotan egoteak ez dizu inoiz kalterik egiten.

Lingua Nabajorum  kanpoan ikusteko aukera egon da?

Kanpoan diozunean, zertaz ari zara? Euskal Herritik kanpo ez, jakina, euskaraz delako eta itzuli ezina, arrazoi nabarmenengatik. Bilbotik kanpo badiozu, bai, urtebete daramagu antzezten herriz herri, eta oraindik ere jarraituko dugu. 

Tartean teatro lan berri bi prestatzen ari da, Kibubu eta Pankreas. Zer esan diezazuekegu bi proiektu hauen inguruan? 

Kibubu, urte bukaeran estreinatuko da. Familia osoari zuzenduriko antzezlana da, eta  Marie de Jongh zigiluarekin egiten ditugun ikuskizun guztiak bezala, hitzik gabekoa da,  nazioarteko hizkuntza, beraz.  Marie de Jongh-en aurreko ikuskizunek arrakasta nabarmena izan dute, eta Euskal Herrian, Espainian eta atzerriko beste hainbat tokitan ari da lan egiten. Ziur gaude honek ere eutsiko diola aurrekoen mailari. 

Pankreas, berriz, helduentzako gure hurrengo proiektua da. Gure ustez, efemeride bat izango da euskal teatroaren historian: bertsoz paraturiko lehenengo antzezlana izango baita. Bertsoarena ekarpen berezi eta deigarria da, eta batzuen edo besteren aurreiritziak gora behera, ziur gaude marka utziko dugula. Ez bakarrik bertsoak emango dion nortasun berezi eta aberatsagatik, baita antzezlanaren edukiagatik ere. Komedia  kontenporaneo dibertigarri bezain interesgarria izango delako. 

Honen harira, zeintzu dira Tartean teatrok krisiari aurre egiteko dituen errezetak, lan berri bi plazaratu ahal izateko? 

Kontua ez da antzezlan asko edo gutxi kaleratzea. Kontua da antzezlan onak egitea. Horretan saiatzen gara (beste asko bezala, jakina). Antzezlan on batek beti izaten du existitzeko arrazoia, beti aurkitzen du tokia. Gainera, gure kasuan, antzezlan bi hauek oso publiko desberdinei zuzenduta daude, beraz, esparru desberdin bi jorratzen ditugu. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button