IKUS-ENTZUN

Film labur emanaldia Bilboko Hamabiden

Hamabidek, Bilboko Alde Zaharrean duen egoitzan, zinema topaketa bat egingo du gaur, abenduak 10. Bertan, Aner (Unai Garate), Agua (Mikel Rueda) eta A political story (Lander Camarero) film laburrak ikusi ahal izango dira.

Unai Garateren lanean, lagun talde bat arratsalde pasa egiten ari da bere seme alabekin askaldegi batean. Lasaitasuna Aner desagertzean amaituko da.

Mikel Ruedaren Agua lanean hauxe kontatzen da: Guillek eta Alexek ez dute elkar ezagutzen. Bakoitza bere modura bizi da. Eta itxuraz bien artean mundu gaindiezin bat dagoela dirudien arren, bada biak batzen dituen zerbait: igerilari amorratuak dira.

Lander Camareroren A Political Storyk honako kontatuko digu: Lauren C. Carroll New York Film Institute-ko zinema-ikaslearen karrera-amaierako proiektua. Bere promozio-kideen aldean, Laurenek entretenimendu hutsari muzin egin dio, lan politikoki konprometitua egiteko.

Irailean abian jarritako kultur ekitaldien zikloaren baitan kokatzen da film labur emanaldi hau eta zuzendari bakoitzak zinemari buruz duen ikuspuntura gerturatzeko balio izango du. Horretarako bertan izango da Unai Garate zuzendaria.

Hamabi saioko zikloetan oinarritutako lan psikiatrikoa burutzen du Hamabidek. Psikiatria eta Garapen Pertsonala lantzen dituen kontsultan hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte: literatura topaketa, menpekotasunari buruzko hitzaldia, liburu aurkezpena, etab. Zinemak, arte diziplina den heinean, giza garapenean duen garrantzia kontuan hartuta egingo da film labur emanaldi hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button