MUSIKA

Etxek haize akustiko berria dakar

Iñaki Etxezarraga Etxe-k (Berriz, 1984) Haize berri bat (Baga Biga) izenburuko hirugarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Diskoa formatu akustikoan dago grabatuta, gitarra elektriko batzuk izan arren. Izan ere, Berrizekoak taldea baztertu eta bere gitarrarekin soilik ondu ditu diskoaren hamar kantuak.

Etxeren ahots eta gitarraz gain, Iban Gurrutxagaren country-rock kutsuko gitarra-konponketak ere entzun daitezke. “Nik kantuak biluztu egin ditut, eta berak jantzi”, esan du Etxek. Edozelan ere, diskoan Berrizeko musikariaren ahotsa da protagonista nagusia. “Ahotsa garbi eta presente dago”, gaineratu du Ritxi Aizpuru diskoetxearen ordezkariak.

Kantautore edo songwriter fase berri honek ETBk Patagonian grabatu ohi duen El Conquistador del fin del mundo saioan du jatorria. Izan ere, Etxek saio horretan parte hartu zuen eta diskoa irekitzen duen Munduaren amaiera konkistatzen kantua idatzi zuen.

Hortik tiraka, Haize berri bat sortu da. “Udan Trikiziorekin aritu nintzen jotzen eta jende askok saioko kantua eskatzen zidan”, azaldu du. “Ez nuen formatu handiarekin jarraitu nahi, eta emanaldi txikiak egin nahi nituen, intimoagoak eta bidaiatzeko errazagoak”, gaineratu. Hala, orotara hamar kantu bildu ditu lanean, sei berri eta beste lau aurreko diskoetako kantu ezagunenak. “Nahasketa bat da, aurreko kantuak formatu berrian eta kantu berriak batean”, azaldu du.

Diskoa Ondarroan grabatu du Jon Olabarriaga teknikariaren laguntzarekin, 2011ko urrian. Hilabete batean egin du eta aldamenean Iban Gurrutxaga gitarra jotzaile profesionala izan du. Gurrutxagak country-rock kutsuko konponketak gehitu die Etxeren kantuei. Izan ere, Berrizekoak “zerbait ezberdina” bilatu nahi izan du oraingoan. “Ez dut betiko kantautorearena egin nahi izan, beste soinu eta estilo konkretu batzuk jorratu nahi izan ditut, kutsu amerikarrarekin, esate baterako, tremolo eta slide gitarrak”. Izan ere, Etxek onartu du Johnny Cash maisu estatubatuarrarekin maiteminduta dagoela azken boladan.

Diskoa “inflexio puntu garrantzitsua” da musikariarentzat, eta horri esker kanpora ere atera da jotzera. “Galizian eta Segovian izan naiz, eta laster Pontevedran, Getxon eta Ourensen izango naiz”. Kanpoko esperientzia horrekin pozik agertu da, jendeak hizkuntza ulertu ez arren, sentimendua nabaritzen duelako.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button