EZLEKUBAT

David Muñoz: “Garrantzitsuena jaialdietako lagunak dira”

Iazko Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketaren zine atalean irabazle suertatu zen Barcelona Venecia lana. Film hori David Muñoz bartzelonarrak zuzendu zuen, zeinak oraintsu Brutal Relax gore generoko lana estreinatu duen Adrián Cardona, eta Rafa Dengrà zinemagileekin elkarlanean. Brutal Relax pelikulak 300.000 bisitatik gora izan ditu Youtube webgunean, eta harrera bikaina izaten ari da mundu osoko jaialdi fantastikoetan. Muñozekin solastatu gara globulu gorriak, eguzkitakoak eta  barruko erraiak uztartzen dituen lan odoltsuari buruz gehiago jakiteko. Horrez gain, iaz Nontzefilmaken zinemako film onenaren saria jaso zuen lanaz ere galdetu diogu, Bartzelonan edo Valentzian dagoen edo Bilbora itzuliko den jakin nahian.

Hainbat film labur egin ondoren, Brutal Relax lana iritsi zaigu eta 300.000 bisitatik gora izan ditu Youtuben. Nola lortu duzue hain arrakasta handia?
Guk Youtuben sareratu besterik ez dugu egin; ahoz aho zabaldu da. Proiektua Sitgeseko jaialdi fantastikoan sortu zen. Bertan, hiru zuzendarik parte hartu genuen, -Adrián Cardonak, Rafa Dengràk eta ni neuk-, gure aurreko film laburrak zirela medio. Sitgesen gure indarrak batzeaz aritu ginen, film labur eroago eta dibertigarriago bat egiteko asmoz. Azkenik, Eva Ayats ere gehitu zen, zeinak efektu bereziak egiten dituen Rafaren filmetan, –Brutal Relax lanean ere berdin egin du-. Hasieratik argi geneukan ia argumentu osoa Angorilla filmaren aktore protagonista izango zela: lokatzez beteta, demonioak hilko zituen modurik basatienean eta komikoenean. Uste dut aipatzen duzun harrera on hori film laburrak berak eragin duela gainontzeko filmetatik asko bereizten baita. Xede handirik gabeko lana da.

Sarean ez ezik, film laburren jaialdietan ere hain harrera ona izan du?
Jaialdietan ere harrera aparta izan du. Zazpi hilabete baino ez ditu, eta dagoeneko 15 sari jaso ditu, eta aintzat hartu behar da, film labur baten lehenengo lau hilabeteak bidalketak egiteko erabiltzen direla, edo jaialdien zain ematen dituzula. Baina guretzat onena izan da, munstroak ikus-entzuleen saria jaso duela parte hartu duen jaialdi guztietan. Jendeak txalo eta oihu egiten du proiekzioan, kantua abesten du eta areto osoak abesten du batera, inoiz gertatu da beste film baten proiekzioan ere kantatu izana. Interneten izan arren, DVDak eta kamisetak salgai jartzeko eskatzen digute. Kontu hori urrun gelditzen zaigu, merchandising kontuez fitsik ere ez baitakigu. Zaleak argazkiak hartzen dituzte protagonistarekin, eta film luzea edo  bigarren partea eskatzen dute proiekzioan bertan edo amaieran. Nahikoa harrituta gaude. Ez genuen inolako planik, ahalik eta film laburrik eroena eta dibertigarriena egiteko bildu ginen, baina jendeari asko gustatu zaio. Genero fantastikoaren publikoak asko maite duen lana da.

Nola bururatu zaizue demonioak, erraiak eta hondartzak nahastea?
Demonioak eta erraiak berez datoz batuta Adrian, Rafa eta Evaren lanetan. Hondartzari dagokionez, Adrianek bere panpinekin lan egiten duen tokitik gertu zegoen eta niri grazia egiten zidan tipoa hondartzan borrokatzea demonioekin. Izan ere, hasiera batean ur-azpiko eszenaren bat grabatzeaz aritu ginen, baina garestiegia zen. Behin argi geneukala demonioak, erraiak eta hondartza uztartuko genituela, Olivaresen pertsonaia agertu zen pixkanaka. Burutik jota dagoen gizon arriskutsu, odoltsu, baina, era berean, atsegina. Film laburraren ideia uztarketa muturreraino eramatea zen. Nire ustez, Lumiére edo Méliès zinemagile klasikoen zinema-kontzeptutik gertu dagoen lana da, aldeak alde. Hots, zinea feriako ikuskizun gisa hartzea, alegia, jolas-parkeetako ikuskizunekin lotzen dut, eta ez filmotekekin.

Beraz, gore generoa modan dago berriro ere?
Goreak beti izan ditu ikus-entzule fidelak, eta publiko horrengan modek ez dute inolako eraginik. Izan ere, fantastikoa da krisiak eragin ez dion genero bakarra. Estilo horren zaleek, gu barne, DVDak eskuratu nahi dituzte, batez ere, aparteko eduki onekin badator, baita merchandising mota guztiak ere. Gehienbat AEBetan, non errespetu handiagoa dioten genero fantastikoari. Youtubeko kanalean AEBetako jende askoren mezuak jaso ditugu eta zine aretoetan ikusi edo erosi nahi dutela esaten digute.

Gaia aldatuz, zer irizten diozu film laburren lehiaketei?
Tranpolina da, baina bertara igotzen ari zarenean ez dakizu ezta igerilekuan urik dagoen ala ez, ostia ederra har dezakezu. Hau da, filma zuk zeuk mugitzen duzunean, lan eta denbora handia hartzen ditu, eta horretarako asko maite behar duzu filma. Halere, beti duzu zalantza bera: ez dakizu egiten duzun lan guztiak ezertarako balio duen. Ahal izanez gero, onena lan hori banatzaile baten eskuetan uztea da; berak eraman dezala jaialdietatik, zinemagilea bere obraz arduratu dadin. Hala, film laburrak bere bidaia egingo du eta noizbehinka bidaia horiei esker albiste onak jasoko dituzu, baina faktore askok dute eragina horretan, bereziki suerteak. Jakina, saria laguntza da ekoizpenarentzat, eta saria beste ekoizpen hobeago bat egiteko inbertitzen dugu. Dena dela, garrantzitsuena jaialdietan egiten dituzun lagunak dira. Brutal Relax egin dugun hirurok genero fantastikoaren jaialdietan ezagutu genuen elkar, eta horrela sortu zen elkarlana. Beraz, lehiaketak gauza ona dira, ezbairik gabe.

Nola gogoratzen duzu iazko Nontzefilmak lehiaketa eta FANT jaialdia?
Gorabeheratsua izan zen. Ez dakit gogoratuko duzuen, baina izen dibertigarria zeukan sumendiak eragindako errauts lainoaren ondorioz, nire hegaldia bertan behera gelditu zen, baina azken trena hartzea lortu nuen azken minutuan. Hortaz, berandu iritsi nintzen eta FANTeko zenbait film galdu nituen. Zein ona izango litzatekeen zizare zuloen bitartez telegarraiotzea, Bacelona Venecia filman gertatzen den gisara. Nolanahi ere, oso ondo igaro nuen film laburrak eta luzeak ikusten, eta What Ever Happened to Baby Jane? artegagarria deskubritzen. Jaialdiko ikus entzuleak primerakoak iruditu zitzaizkidan, eta film labur interaktiboa ere inprobisatu nuen Nontzefilmaken saria jasotzerakoan. Jendeak zoriondu egin ninduen broma horregatik; uste dut itzala egin ziola saritutako Barcelona-Venecia-ri.

Zein ibilbide egin zuen Barcelona Venecia-k?
Filmaren protagonisten antzera, herrialdez herrialde ari da. Hainbat hiritan ikusi da, eta orain arte zazpi sari jaso ditu eta 60 aldiz aukeratua izan da. Jaialdi fantastiko garrantzitsuetan parte hartu du, tartean, Austin hiriko Fantastic Festen eta Torontoko After Darken, zeinak bederatzi film baino ez dituen aukeratzen nazioarteko atalean. Italian oso ondo funtzionatu du, uste dut filmaren sorpresa atseginez hartzen dutela italiarrek, hainbat jaialditan aukeratua izan da, eta oraindik ere eskatzen jarraitzen dute. Veneziako Bienalean egiten den Circuito Off jaialdian harrera bikaina izan zuen eta jendeak ez zuen sinesten 10 zentimorekin eta sei ordutan egina zegoela esaten nuenean. Antza, Italian filmatzea oso zaila da. Venezia hiririk garestiena da filmatzeko. Guk ez genekien ezer, kamera txiki batekin joan ginen eta di-da itzuli. Horrez gain, suerte handia izan nuen telebistak erosi zidalako eta AEBetako DVD batean ere jaso dute. Hori guztiari esker, beste egitasmo batzuk abiatzeko lagungarria zait.

Zeintzuk egitasmo dituzu etorkizunera begira?
Egun film labur belikoa eta apur bat eroa muntatzen ari naiz, eta Dani Morenoren web bidezko Amazing Mask seriearen gidoietan kolaboratzen dut. Etorkizuneko egitasmoei dagokienez, zaila da hitz egitea. Gauza asko dituzu beti buruan, baina ez dakizu zeintzuk gauzatuko diren. Film luzean ez dut oraindik pentsatzen aurrekontu falta dela eta. Gidoi batzuk baditut buruan aspalditik, egiten ditudan film laburrak baino serioagoak dira. Txarrena bitartekorik ez edukitzea da, baina, era berean, horrek zirraragarri egiten du guzti hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button