MUSIKA

Ziklo berri baten hasiera

Hesian taldeak Hasiera izenburuko lana aurkeztu zuen atzo Bilbon. Aurkezpen ekitaldian Fran Urias (ahotsa eta gitarra), Zuriñe Hidalgo (ahotsa) eta Ane Bastida (baxua) taldekideek parte hartu zuten. Hirurekin batera, Ritxi Aizpuru Baga Bigako ordezkaria izan zen. Uriasek azpimarratu zuenez, diskoa rock zaleagoa da, “gitarrak indartsuagoak dira oraingoan, eta bateriak aurrerago daude”.

“Pendularrak gara”, nabarmendu zuen Uriasek, taldeak disko bakoitzean erakusten duen alderdi ezberdinen harira. “Aldakorrak gara, bizitza bera aldakorra baita, baina taldearen esentziak bere horretan mantentzen da”, gehitu zuen Hidalgok. Eboluzio hori “polita” dela azaldu dute taldekideek, bandaren eta taldekideek hazi egin direla islatzen baitu. “Disko hau ziklo berri baten hasiera da, baina ziklo horren baitan beste ziklo txikiagoak daude”, esan zuen Zuriñek.

Hala, aurreko lana, “pop zalea eta metal zalea” zen, baina lan berria “rock zaleagoa da, nahiz eta baladak egon; gitarren distortsioa nabaritzen da, eta bateria aurrerago dago”. Emaitza horren arduradun nagusia Juan Blas ekoizlea izan da. “Erronka izan da ekoizle batekin aritzea, tirabira asko izan baitira, baina era berean, polita izan da, nahasketak ere  ez ditugu guk egin, eta kuriosoa eta zaila izan da hori ere”, azaldu du Franek.

Hitzen harira, “oso intimoak eta pertsonalak” dira. “Gure gabeziak erakusten saiatu gara”, azpimarratu du Hidalgok. “Guretzat terapia bat izan da”, gehitu du Franek. Hitzak, ilustratutako postaletan datoz. Horren harira, Marta Bellvehi diseinatzaile katalanak egindako lana laudatu dute Hesiak taldeko kideek.

Disko berria Durangoko Ahotsenea gunean aurkeztuko dute, abenduaren 8an, 13:30ean, eta gero, formatu txikiko emanaldi-solasaldiak egingo dituzte, lau saio, hain zuzen: abenduaren 13an,  Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean; hurrengo egunean, Bilboko Bira kultur gunean; abenduaren 20an, Donostiako Tabakaleran; eta, azkenik, 21ean, Iruñeko Katakrak lokalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button