IKUS-ENTZUN

Tabakalerak “2deo serieak” deialdia aurkeztu du

Tabakalerak 2deo serieak nazioarteko programa aurkeztu du, telesail-sortzaileen proiektuak tutorizatu, lagundu eta babesteko asmoz. Proiektuak jasotzeko epea martxoaren 8ra bitartean egongo da zabalik. Apirilaren 5ean jakinaraziko dira programan parte hartuko duten hiru proiektuak, eta hautatuko den proiektu bakoitzak 6.000 euroko laguntza jasoko du.

Deialdiaren helburua da “hautatutako proiektuen kalitatean eta bideragarritasunean eragitea, eta, horrekin batera, euskarazko serieak sustatzen eta nazioartekotzen laguntzea, egungo banaketa- ereduek eskaintzen dituzten aukera berriei esker”.

2deo serieak programak garapen espazio bat eskaini nahi die “talentu berriei zein ibilbide profesional frogatua duten pertsonei, nazioarteko anbizioa eta euskarazko ekoizpenarekiko interes berezia duen edozein formatu eta generotako serie-proiektu baten alde egingo dutenak”.

Hautatutako proiektu bakoitzak 6.000 euroko laguntza jasoko du garapenerako, eta gainera, aholkularitza ere eskura izango du. Apiriletik irailera bitartean saio presentzialak eta onlinekoak egingo dira, eta hiru aholkulari hauen laguntza ere egongo da: Aitor Gabilondo, Christine Vachon eta Xabier Berzosa. Geroago, ekainetik uztailera bitartean, hautatutako proiektuen egileek eta deialdiko aholkulariek hiru eguneko topaketa egingo dute Tabakaleran, esperientziak eta ezagutza partekatzeko.

Proiektu berria Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, eta Donostiako Zinemaldiaren laguntza jaso du.

informazio guztia Tabakaleraren webean duzue eskuragarri.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button