ARTEA

Eskulturaren, arkitekturaren eta hizkuntzaren hibridazioa

Artiumek Katinka Bock. Logbook izeneko erakusketa abiatu du irailaren 12ra arte. Lehen aldiz ikusiko da Euskal Herrian artista horren obra eta haren ibilbidearen funtsezko ezaugarriak: “eskulturaren, arkitekturaren eta hizkuntzaren eremuen arteko etengabeko trukea”. Beatriz Herraezek komisariatu du erakusketa, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriaren laguntza izan du.

Logbook (ontziko liburua) Katinka Bockek azken bost urteetan egindako lanen hautaketa bat da, batzuk erakusketa honetarako ekoitziak. Artistaren hitzetan, bere ekoizpena, askotan, lan prozesu baten emaitza da, non arrazionala eta ezustekoa aurkitzen diren. Beatriz Herráezek erakusketa dela-eta egin den argitalpenerako testuan dioen bezala: “Logbook-ek balearen sabela bezalakoa den museo bat marrazten du (zeinetatik dena aprobetxatzen baita), eta bertan pilaturik: Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak loretan, erakusketaren aldameneko espazioan biltegiratzen diren Bildumako 2.500 artelanekin batera”.

Artium Museoaren kasuan, A2 aretoko hormetan “irekidura zabalak eginarazi ditu, panelen eta saihets-hezurren barne-egitura agerian utziz, espazioak lotzen eta erakusketa ikusteko modua aldatzen dituztenak. Orain arte estalita zeuden zenbait idi-begi ere ireki ditu, espazioa argi naturalez betez eta museoaren kanpoaldetik artelanak ikusteko aukera emanez”.

Katinka Bock-ek (Frankfurt, 1976) Berlingo Kunsthochschulen eta Lyongo École Nationale des Beaux Arts-en ikasi zuen. Erromako Villa Medici egoitzan artista izan da, Dorothea von Stetten Kunstpreis saria jaso du Alemanian eta Prix Ricard saria Frantzian. Hainbat bakarkako erakusketa egin ditu, beti ere puntako erakustokietan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button