LITERATURA

“Enborretik” edo Joxan Artzeren poemak

Pello Otxoteko (Balea Zuria), Harkaitz Millan (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua) eta Agurtzane Solabarrieta (Usurbilgo alkatea) bildu dira gaur, Koldo Mitxelena Kulturunean, Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemekin osaturiko Enborretik antologia aurkezteko.

Joxan Artze gure poeta esanguratsuenetariko eta maitatuenetako bat da. Gai ugari jorratu izan ditu, hala nola, herria eta geure kulturaren aitorpenari dagozkionak, naturaren oihartzunari buruzkoak, gizakiaren ñabardura ezberdinak, joera mistikokoak… Betiere hizkuntza dotore eta landu baten bidez, lerro bakoitzean argitasuna eta distira lortuz. Xume baina sakon.
Poeta izateaz gain, kantua ere menderatzen zuen, eta bien arteko talkan gure sustraien ttakun‐ttakuna berreskuratu zuen. Nabaria da hori bere hitzetan eta bere hitz‐jokoetan, non musikaltasuna eta erritmoa nagusi diren. Haren poesia keinuz, zehaztasunez eta apuntez josita dago. Aski ezagunak ditugu, halaber, Laboaren ahotsean ezagun egin ziren haren zenbait testu: Txoria txori, Maite ditut maite gure bazterrak… Zalantzarik gabe, gure kultur ondarean eta iruditerian luzerako geratuko da iltzatuta Artzeren langintza.

Duela egun batzuk, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta, Joxan Artze gogoan ekimena gauzatu zen, hil zeneko 4 urteurrena bete delako. Hala, Enborretik antologiak omenaldia egin nahi dio Usurbilen jaiotako poetari haren heriotzaren laugarren urteurrenean. Hain zuzen ere, Usurbilgo udalaren laguntza eta babesa jaso ditu edizio honek, eta asmoetako bat poeta bere herrian bertan omentzea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.