
Euskadiko Filmategiko Euskal emakume zinemagileak zikloaren laugarren edizioa abiatuko du gaur berton (hilak 3), eta 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaiotako zuzendarien hamaika film eskainiko ditu udazken honetan.
Gaur Artiumen, eta bihar, Tabakaleran Señales De Vida: Néstor Basterretxea izeneko filma proiektatuko da. Gentzane Martínez de Osaba eta Alejandro García de Vicuña dira pieza horren zuzendariak. “Basterretxeak, 89 urte dituela, bere azken atzera-begirakoari heldu dio Bilboko Arte Ederren Museoan. Horrek kontraesanak sortzen dizkio artistari eta, ondorioz, birplanteatu eta aztertu egiten ditu bere bizitza, bere obra eta artearekin duen harremana. Bidaia honetan, Basterretxearen espiritu eta lan egiteko modu berezia ezagutuko ditugu, baita XX. mendeko kulturan eta arte garaikidean izan zuen eragina ere”.
Diogun moduan, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran jaiotako zinemagileen txanda izango da aurten.
Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan.
Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.
Non, noiz, eta zer, hobeto ikusteko: Euskadiko Filmategia