LITERATURA

“Gabrielen Lekua” disko-liburua aurkeztu dute

Izen bereko sentikariatik sortutako disko-liburua aurkeztu zuten atzo, azaroak 25, Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, Paddy Rekalde, Luigi Anselmi, Hedoi Etxarte, Amaia Lasa, Oier Guillan eta Andoni Egaña idatzitako testuak jaso dituzte. Diskoak, bestalde, Rafa Ruedak musikatutako eta Oier Guillanek deklamatutako Arestiren zenbait olerki dakartza, baita Andoni Egañaren zenbait bertso ere.

Paddy Rekalde eta Amaia Lasa idazleek, Rafa Rueda musikariak eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Elkarteko ordezkariak parte hartu zuten aurkezpen-ekitaldian.

Monasterioak hartu zuen hitza ekitaldiaren hasieran, eta sentikariaren harira, idatzizko testigantza bat ere uzteko beharra ikusi zutela azaldu zuen.

Jarraian, gainerako partaideei zuzendu, eta ondoko galdera luzatu zien: “Ze eragin izan du zuetariko bakoitzarengan Gabriel Arestik?”. Hala, Lasak idazlearen nortasuna eta eskuzabaltasuna azpimarratu zituen, bai eta hizkuntza bera ere; alegia, euskara: “Garai hartan ez genekien nola idatzi. (…) Bere poesiak irakurtzerakoan ohartu ginen ez zela hain zaila euskaraz idaztea”.

Rekaldek, halaber, Arestiren idazteko estiloari erreparatu zion, erraz eta indartsu: “Poesian erraz eta indartsu idazten baduzu, bataila osoa irabazita daukazu, momentuko kanonak agintzen duena gorabehera; jendea poesiara erakartzea lortu zuen”. Paddyk, gainera, Arestik bere burua euskalduntzeko egin zuen ahalegina ere nabarmendu zuen: “Hor ikusten da bere indarra eta bultzada; erreferentea da niretzat”.

Ruedak, bestalde, nabarmendu zuen lan “potoloa” izan dela poetaren testuak musikatzea, “pisu handiko handikoak baitira”, eta bere estilora ekartzen saiatu dela. “Libre aukeratu ditut olerkiak, irakurri ahala, eta gero, ahots ozenarekin irakurri edo abestu; horrela, melodia antzemate nion ala ez”, azaldu zuen musikatzeko prozesua aipatuz. “Musikalidadea antzeman diet, eta deigarrienak aukeratu ditut”, gaineratu zuen.
Guztira, zazpi kantu-olerki grabatu ditu iragan abuztuan Bilboko Koba estudioetan, Xanpe teknikariaren gidaritzapean, eta Naia Memebrillera (perkusioa) eta Iban Urizar (klarinetea eta korneta) musikarien laguntzarekin.

Disko-liburua diseinu ederrarekin jantzita dator, eta azalean, Alain Urrutia artista bilbotarraren lana agertzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button