EZLEKUBAT

Aleister Crowley azken magoa

Siruela argitaletxeak La Gran Bestia. Vida de Aleister Crowley biografia mardula, 800 orrialde inguru, berrargitaratu du oraintsu. Okultista Ingelesaren albazea izan zen John Synmondsek idatzita, biziki goraipatzen du askoren ustez munduan izan den azken magoa izan zena.

Aleister Crowleyren (Warwickshire, Erresuma batua, 1875 – Sussex, 1947) bizitza eskandaluz josia dago. Hala ere, diskrezio zalea ere bazen, batez ere bere organizazioaren inguruan eraikitako misterioari dagokionez. Masoiekin eta tenplarioekin harremanak izan zituen. Zilarrezko Izarraren Ordena eratu zuen eta hamaika izen eta ezizen jarri zizkion bere buruari, beti ere bakoitzarekin pertsonaia ezberdin bat antzezteko. Hala, sarritan Perdurabo, Bafonet edo Pizti Handia bezala agertzen zaigu bere biografia luzean.

Droga eta orgia zalea, Crowleyren helburua bere irakaspenak eta doktrina ezagutaraztea zen. Doktrina hori hermetismo egiptiar eta yogaren arteko nahasketa bat zen. Uztartze horri Golden Dawn (Urrezko Auroraren Orden Hermetikoa) ikasitakoa eransten zion.

Bizitza osoan magian jardun zuen. Harentzat magia “borondatearekin bat eginez, aldaketak lortzeko zientzia eta artea” zen, bakoitzak nahi zuena, norberaren desioari soilik entzunez, egitea baitzen haren pentsamenduaren oinarria: “egin ezazu nahi duzuna, eta lege guztia izango da”. Bere doktrinan gizon eta emakume bakoitza izar bat da eta amildegia zeharkatzea du helburu.

Dozenaka liburu txar idatzi zituen –ez zuen zuzenketarik egiten-, eta bere buruari buruzko saiakera onenaren saria deitu zuen. Mendi zale amorratua, huts egin zuen hainbat asmotan: xakean aditua izan nahi zuen, K2 mendirako igoera bertan behera utzi behar izan zuen eta bere esperimentu handiena, Sizilian abiatu zuen Thelemako Abadia izeneko komuna, zuzentzeko gaitasunik ez zuela erakutsi zuen. Crowleyrekin harremanak izan zuten hainbat pertsonalitatek gerora ukatu egin zuten, tartean, L. Ron Hubbard, beranduago Zienziologiaren elizaren enpresarioa izango zena.

Luxuzko bizitzak eskaintzen dituen plazer ezberdinen jarraitzaile, hamaika abenturetan sartu zen. Esaterako, 1930 urtean bere suizidioa planeatu zuen Portugalen Fernando Pessoaren laguntzarekin, eta Lehenengoko Mundu Gerra britainiarren kontrako propaganda idazten igaro zuen Alemanentzat, gero egindakoaz damutu eta agente bikoitza zela esan zuen.

72 urterekin hil zen ostalari-etxe xume batean. Hona hemen esan omen zituen azken hitzak: “Batzuetan gorrotoa diot neure buruari”.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button