Ignacio Saez (Bilbo, 1971) Roñes Emad Dadineres izeneko erakusketa paratu du Espacio Marzana galerian. Bertan, artistaren tailerra jasotzen duten bi bideo jarri ditu. Lanok ikusgai daude apirilaren 20ra bitartean.
Ignacio Saezek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean burutu zituen bere ikasketak. Berezko diziplina pintura badu ere, bere jardueran hainbat bitarteko erabiltzen ditu, besteak besteak, argazkia, bideoa, idazketa eta soinua.
Roñes Emad Dadineres erakusketan bi bideo jarri ditu ikusgai. Bertan, bere tailerraren irudiak ikus daitezke. Artistak tailerra dekoratu gisa ulertzen du koreografia edo antzerki mugimenduak gauzatzeko. Hala, kamera mugimenduak inprobisatzen ditu bere obsesioak askatzeko asmoz. “Ignacio Saezek ez du ezer bukatutzat jotzen, ez pintura, ez bideoak, ezta erakusketa muntaia bera ere ez”.
Artista bilbotarrak hainbat erakusketa kolektibo eta indibidual egiteaz gain, pintura lanak ere egin ditu hiri inguruetan eta hainbat eraikinetan, tartean, jatetxeetan, ermitetan eta enpresa-eraikinetan. Antzerkigintzan ere aritu da eszenografiak lantzen eta musikagintzan ere eman ditu zenbait urrats. Esaterako, Corcobado musikari espainiarrarekin aritu da.