MUSIKA

Ekizak Gasteizen joko du udazkeneko bere lehen kontzertua

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) iaz kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Aurten, halaber, 2016/IX/04 izenburuko bigarren lana plazaratu du.

Bada, bigarren disko hori zuzenean aurkezten jarraitzen du. Horren harira, musikariak udazkenean emango dituen zenbait kontzerturen datak eta lekuak iragarri ditu. Hasteko, igandean, Gasteizko Artium zentro eta museoan izango da, Igande musikalak egitarauaren baitan.

Hauexek dira Ekizak iragarritako gainerako emanaldiak: urriaren 3an, Baionako Mediatekan; Larrabasterrako Plaza Beltzan; eta, amaitzeko, azaroaren 3an, Tolosako Bonberenean.

Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen Ekiza diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko. Eta horretaz jabetu ginen Azkue Fundazioak, Nontzeberriren laguntzarekin, Euskararen Etxean antolatu zuen kontzertu bikain hartan (ikusi bideoa).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button