IKUS-ENTZUN

Pablo Bergerren “Blancanieves” eta “Mama”, Olabeagan

Bilboko FAS zineklubak Pablo Berger zinegile bilbotarraren Mama (Euskadi, 1988) film laburra eta Blancanieves (Espainia eta Frantzia, 2013) luzea pantailaratuko ditu, gaur, ekainak 27, Bizkaiko hiriburuko Olabeaga auzoko Zentro Zibikoan, 21:30ean.

Emanaldia Zinema kalean zikloaren baitan egingo da, Bilboko Udalarekin lankidetzan. Zuzendari bilbotarra, gainera, bertan izango da proiekzioa aurkezteko.

Blancanieves izen bereko ipuin klasikoaren moldaketa mutua eta espainiar peto-petoa da. FASen arabera, “istorio honetako Edurnezuriren izena Carmen da, Encarna izeneko amaorde beldurgarriak haurtzaroa oinazetu dion gazte ederra. Iraganetik ihesi, Carmenek bidaia zirraragarri bati ekingo dio lagun berriekin: ipotx torero talde bat. Espainia hegoaldean eta 20ko hamarkadan girotutako ipuin klasikoaren ikuspegi bitxi hau, abenturaz, zirraraz eta umorez beteta dago. Ziur ez dizutela inoiz halako ipuinik kontatu…”.

Mama, berriz, Berger zinegilearen estreinako film laburra da, eta film horren zuzendari artistikoa Alex De La Iglesia da. Filmak Torrebrunoren musika, apokalipsi nuklearra, mutiko bihurri bat, umore beltza, zerrak eta litroka odol uztartzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button