ARTEA

Bizitza baten islada: Itsasoa, Mendia eta Gorputza

Titulu iradokitzaile horrekin zabaldu du Jaime Vicario artista durangarrak bere azken erakusketa, Durangoko Arte eta Historia Museoan, azaroaren 12ra bitartean ikusgai izango dena.

Miren Agur Meabe idazleak artistaren lanaren nondik norakoak laburbildu ditu modu eder honetan: “jorratu dituen gai nagusiak eguneroko bizimodutik hartutako paisaiak eta jendea badira ere,  bere pinturetan taupada metafisikoak ere badira. Bere asmoa hori izan ez arren. Horrenbestez, itsasoa, bizitzaren metafora bihurtzen zaigu. Adar batean jaiotako ernamuinak, itxaropenaren sinbolo. Mendia, unibertso osoaren sintesia. Zerumugak lortu ezin den askatasuna adierazten du. Eta elurteak harrapatutako zuhaitzak erresistentziaren alegoria malenkoniatsua izan daitezke.
Jaimeren esku trebeak lortzen du islatzea ez soilik ikusten duena eta ikusteko era; areago, arrakala bat irekitzen du gure hautemateko eran ere. Eta halaxe, gure begiradek elkar osatzen dute mihiseak gure esperientzia isolatuen elkargune gisa jokatzen duelako. Beste batzuetan, pentsamendu arrazionala desordenatu nahian topatzen dugu, bestelako irakurketa bat proposatzen. Txinparta surrealistak sartzen ditu, esaterako, paisaiak airean itsasten dituenean, eztabaidan elkarrekin. Erabateko fineziaz jokatzen du ikus-jolasak sortzen dituenean itsasoa eta zerua uztartuz, atmosfera onirikoa eratzeraino. Bere lanaren beste ardatzetako bat gorputza da, aurpegierak, keinuak eta jarrerak. Aldizka, argazkigintzaren zehaztasunez jarduten du, fideltasunaren bila; eta aldizka, pintzelkada libreagoen bidez. Gorputzak pintatzeak entitate fisikoen potentziala ikertzea eskatzen du eta, ondorioz, adierazpen iradokizunak ugaritzen ditu.
Baretasuna. Edertasuna. Dinamismoa. Identitatea. Bizipoza. Jaimeren pinturari isuritako tantetako batzuk mareak gora egin bitartean.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button