ESZENA

Usandizagaren “Mendi-Mendiyan” ekoizpena, Donostian

Jose Maria Usandizaga konpositore donostiarraren Mendi-Mendiyan euskal opera, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu ondoren, Donostiako Kursaalen oholtzaratuko da bihar, ekainak 29. Konpositoreak idatzitako lehen opera izan zen eta bat-bateko ospea ekarri zion donostiarrari.

Usandizaga maisuaren musika konposizioa Bilboko Koral Elkarteak 1909an agindutako opera izan zen, 1910eko maiatzaren 21ean Campos Eliseos Antzokian estreinatu zena. 109 urte geroago, Bilboko Korala berriro izango da oholtza gainean bakarlari seikote paregabe batekin.  Musika Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) jarriko du eta berau Erik Nielsenek gidatuko du. Ahotsak Mikeldi Atxalandabaso, Olatz Saitua, Christopher Robertson, Jose Manuel Diaz eta Gexan Etxabe bakarlariek jarriko dute, eta eurekin batera Ausrine Stundyte soprano lituaniarrak hartuko du parte (euskara ikasten aritu da jo eta ke, testuak behar duen ahoskera jasotzeko).

Calixto Bieitok zuzendari artistikoaren hitzetan, “Mendi-Mendiyan lanak ikuskizun handien osagai guztiak ditu, obra sinbolista da, testu eder-ederra duena, musika eta testua uztardura perfektuan dituena, … hitz batean, ikuskizun esentziala da”.

Mendi-Mendiyan opera Euskal Pizkundea deritzan garaian idatzi zuen Usandizagak. Euskal kultura bultzatzeko ahalegina egin zen garai hartan, eta ahalegin horren ondorio izan zen opera hau. Aizkorriko artzain batzuen arteko istorioa kontatzen du operak. Andrea Joshe Marirekin maiteminduta dago. Hori ikusita, Gaizto jelostu egingo da, hark ere Andrea gorteiatu nahi duelako. Egoera honek tragedia bat eragingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button