
Aste honetan hiru liburu argitaratu ditu Booktegi plataformak: Galder Unzalu Etxabe eta Javier Idirin Hurtadoren Banbupean ipuin-bilduma; Machado de Assisen Deabruaren eliza, Unai Begiristainek itzulia; eta Jack Londonen 7 abenturak, Joxe Lizarraldek itzulia.
Banbupean ipuin-bildumak Nepalera garamatza. Trekking bideetatik aldenduta Sukhetar sherpa herrixka Kanchenjunga eta Makaluren mendilerroen artean dago kokatua. Bertan bi aldiz egindako egonaldietan, egilea fokoetatik urrun dagoen mundu batera hurbildu da hiru urteko tartean, eta esperientzia horren emaitza dira ipuinok.
Unai Begiristainek itzuli du Machado de Assisen Deabruaren eliza. Beneditarren eskuizkribu zahar batek dioenez, Deabruari eliza bat sortzea bururatu zitzaion egun batean. Deabrua, irabazi etengabeak eta handiak eduki arren, beheraturik sentitzen zen mende luzeetan izandako egiteko hutsalarekin, ez antolaketa, ez arau, ez kanon, ez erritual eta ez ezer. Nolabait esatearren, hondar jainkotiarretatik bizi zen, giza deskuidu eta oparietatik…..
Jack Londonen 7 abenturak (Joxe Lizarraldek itzulia? Lanak honakoa kontatzen du: Alf Davis marinel gaztea zen, hamasei urte bete berria, eta Annie Mine ontzian ibiltzen zen nabigatzen. Amerikar goleta hau Yokohamara etorria zen, denboraldi hartan harrapatutako foka-larruak Londresera eraman asmoz. Hain zuzen, huraxe zen ontzitik lehorrera irteten zen bigarren aldia, eta ekialdeko jendearen pentsaera nahiko bitxia gertatzen zitzaion…