IKUS-ENTZUN

Bizipenaren esparruan kokatzen den esperientzia

Tabakalerak Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) artista eta zinemagilearen Arcoíris 82 inauguratu du. Erakusketa Tabakalerak produzitu du, eta Donostia Zinemaldiaren laguntza jaso du, izan ere, Aro berria bere lehen film luzea Zinemaldiaren datorren edizioan estreinatuko du. Lan hori filmatzean sortutako material argitaragabea du oinarria erakusketak.

“Filma laurogeiko hamarkadan Ultzaman (Nafarroa) finkatutako Arco Iris komunitatearen inguruko ikerketa- eta sorkuntza-prozesu luze baten amaiera da. Gorostidik ikerketa horretako materiala ekarri du erakusketa-aretora, eta zinema-narrazioa gainditzen duen eta bizipenaren esparruan kokatzen den esperientzia bat proposatzen du”.

Irati Gorostidi Tabakalera belaunaldia izenekoaren kidea da. Zinemagileez eta artistez osatutako talde horrek kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren ikus-entzunezko sorkuntza-ekosisteman garatu ditu bere proiektuak.

Gorostidik eginiko beste lan batzuk honakoak dituzue: Pasaia bitartean, (2016); Euritan, Arantza Santestebanekin batera zuzendua (2017); Unicornio, (2021); San Simón 62, Mirari Echávarrirekin (2021), eta Contadores (2023). Azken hori Cannesko Kritikaren Astean eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakaera sailean aurkeztuko da.

Tabakalerak Gorostidiren filmei buruzko zinema-ziklo bat ere antolatu du, eta zikloa amaitzeko, Kontatutako zinema saio bat egingo da Aro berria (2025) filmaren inguruan, non zuzendariak bere azken filmaren sorkuntza-prozesua azalduko duen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button