BESTELAKOAK

Bilborock-eko udazkeneko programazioa abian

Gaur goizean, Bilborocken taldeek dituzten entseguetarako gela txukun batean, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Nora Busturia Peopleing-eko arduradunak eta Kepa Junkera musikariak Bilborockeko udazkeneko programazioa aurkeztu dute.

Udazkeneko programazio honek “gazteei begirako programen bidez, gazteen aldeko apustu garbia izan nahi du, bilbotar gazteen gustuak, beharrizanak eta kezkak kontuan hartuko dituena”, adierazi du Sabin Anuzitak. 

Programazioak bi ildo nagusi izango ditu. Alde batetik, sormen eta jolas-arloko formatu berriak, eta beste aldetik, musika.

Lehenengoari dagokionean, gazteek atzerriko hizkuntzetako gaitasuna hobetu ahalko dute, gaitasun pertsonalak garatu eta enplegu batera aurkezteko modu berriak ikasi ahalko dituzte, hainbat ekimenen bidez, hala nola,  English on Tuesdays, Learning by playing edota Job bilatzen ari gara.

English on Tuesdays ekimeneanhiletako bigarren eta hirugarren martitzenetan Bilborock Bilboko gazteak atzerriko gazteekin ingelesez egiteko aukera egongo da.  Learning by playing izenekoan, olgetan edo jolasean denbora eman eta bide batez motibazioa, kontzentrazioa, ahalegina, fideltasuna eta jolas guztietakoak diren beste balio positibo asko indartuko dituzte. Eta Job bilatzen ari gara delakoan, lanaren bilaketan soluzio indibidualak aurkitzeko bideak luzatuko zaizkie gazteei.

Beste aldetik, Bilborock gazteen topalekua da, baita musikarentzako eszenatoki erreferentea ere.  Hori dela eta, Music Experience programa abiatuko da, eta horren barnean honako egitasmoak topa daitezke: Sostenidodun elkarrizketak, Barrutikrock, Bilbao Hiria Pop-rock Lehiaketa eta entsegu-gelak.

Berrikuntzarik nabarmena Sostenidodun elkarrizketak programa da. Hala, hilean behin, Euskal Herriko musikako artista erreferenteak gonbidatuko dituzte, euren esperientzia eta musikaz duten ikuskera gazteen aurrean komentatzeko; modu horretan artistak eta gazteak elkarrekin egongo dira esperientziak trukatzeko eta musikaz berba egiteko.  Besteak beste, Kepa Junkera, We are standard, Doctor Deseo eta El Inquilino Comunista taldeetakoak egongo dira esperientzia partekatzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button