LITERATURA

Udaberriari begirako lan berriak

Argitaletxeak lanean ari dira euren udaberriko produkzioak atera ahal izateko. Alberdania jo eta su dabil laster batean argia ikusiko duten lanak atontzen, eta aurkeztuko diren beste batzuk fintzen. Horixe gertatzen da, adibidez, hil honetan aurkeztuko den Karlos Santistebanek izkiriaturiko Oroimenaren lorratzak poema liburuarekin. Liburu honek joan den urteko  Blas de Otero saria irabazi zuen. Karlos Santisteban Karrantza Haranean (Bizkaia) jaio zen eta Bilbon bizi da. Bere lehenengo argitalpena Hitzak poesia liburua izan zen, 1983an kaleratua. Orduz geroztik, berrogeita hamarretik gora liburu argitaratu ditu, ia genero guztietan baina bereziki haur eta gazte literaturan.

Zer topatuko dugu bertan? “Bizian egindako urratsek, ezinbestez, lorratzak uzten dituzte bidean. Batzuetan luma zuriak bezala abiatu dira hegan ezpain maitatuenen bila, besteetan ezinezko horizonteen oskorriaz zauritu dira, ukazioaren etsia jasanda baina behin ere amore eman gabe. Existentziaren aztarrenen bila abiatu dira pausoak, seinale zaharrek esku ahurretan zizelkaturik uzten dituzten ildo sakonak ulertu nahirik.”

Emilio Salgariren Barku madarikatua  izeneko lanak ere laster izango dugu eskuartean. Seve Callejak liburu honetarako hautatu dituen ipuinak Salgarik utzi zizkigun 150 inguru horietatik eskukada bat besterik ez da, dozena bat, eta Sandokanen eta Kortsario Beltzaren sail ezagunetan bezala paraje exotikoetara garamatza. Mitxel Muruak egin ditu itzulpenak.

Gaztelaniaz, Esther Zorrozuaren Fuga para un pianista eta Mila Beldarrainen Bajo el cerezo eta euskaraz, Nancy Huston-en Ultraviolet, John Steinbeck-en Saguak eta gizonak, Josu Penadesen Ileak uretan eta Janne Teller-en Ezer ez izango dira argitaletxe honek ekarriko dizkigun beste sorpresa batzuk.

Beste aldetik, Ramon Saizarbitoria, Ione Gorostarzu, Pello Lizarralde, Itxaro Borda, Xabier Etxeberria, Jose Enrique Urrutia Capeau, Luis Mari Mujika, Aitor Arana, Iñaki Irasizabal, Karlos Linazasoro edota Urtzi Urkizu dira liburu berriak plazaratuko dituzten beste egileetako batzuk.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button