
BilbaoArte zentroaren hiru bekadunek euren lanak erakutsiko dituzte bertan; hala, Jesus Pueyo leioarraren Inoiz hil behar ez luketen hamar pertsona erakusketa ikusteko azken aukera bihar izango da, apirilak 12.
Halere, beste bi bekadunen erakusketak ikusteko parada izango da, laster: Naia Del Castillo bilbotarraren Fluxuak, apirilaren 25etik maiatzaren 16ra, eta Carla Andrade galiziarraren Oihartzunen geometria, maiatzaren 23tik ekainaren 14ra.
Naia Del Castillok epikaren gaia jorratuko du, gune domestikoaren baitan. Horrekin batera, gizaki garaikidea eta bere identifikazio prozesuak ere landu ditu. Horretarako, sormen-prozesua argazkietan irudikatu du. Hala, ur-zurrusta baten azpian biraka ari diren lau emakumeren argazkiak egin ditu. Folioetan inprimatu, eta paperezko euskarri hori transformatu egin du: eskuz, digitalki, moztu egin ditu, busti, bata bestearen gainean jarri… eta, amaitzeko, transformazio horiek berriz jaso ditu argazkietan.
Andrade galiziarraren Oihartzunen geometria, berriz, narratiboa ez den argazki eta bideo bidezko egitasmoa da. Bertan, espazioan dagoen hustasunaren inguruko gogoeta egingo du; hustasun hori sinbolizatua dago, kolore zuriko paisaietan. Hustutako paisaia horiek engainu sentsorialaren alegoria dira, bai eta ahultasunaren metafora ere.