
Bizkaiko Foru Liburutegian, Jon Kortazar irakasleak koordinatua, Gabriel Arestiren aurpegi anitzak izeneko hitzaldi-zikloa antolatu da.
Maiatzaren 15an izan zen lehen hitzaldia, Jon Kortazar berak eginikoa: Gabriel Arestiren Harri eta Herri: Bizipen Abezedarioa.
Hurrengo saioa gaur berton (hilak 22) izango da, eta Paloma Rodríguez-Miñambres adituak Gabriel Arestiren poesia soziala gaia jorratuko du. Arestiren poesiaren ibilbideak izan zuen aldaketaren nondik norakoak azalduko ditu mintzalariak.
Maiatzaren 29an, Gabriel Arestiren biografia komikietan izeneko hitzaldia egingo du Jose Antonio Morlesin adituak. 2015ean, Adur Larreak Gabriel Arestiren biografia komiki gisa plazaratu zuen Gabriel Aresti BioGrafikoa lanean. Morlesinek lan horretan ageri den fikzioaren eta errealitatearen arteko loturaz arituko da.
Azken hitzaldia ekainaren 5ean izango da, eta Karlos del Olmo adituak Gabriel Arestiren antzerkia gaia jorratuko du. Karlos del Olmok Arestiren Nazioa, Antzerkia izeneko liburua argitaratu zuen 2017an.