LITERATURA

Bidean gertatu den izugarrikeria

Jon Alonsok Tene Mujika Beka jaso duen Naparra. Kasu Irekia izeneko lana plazaratu du.

Liburuan Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen gaineko trama azaleratzen da.  Protagonista Iparraldean errefuxiaturik zegoen eta 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu.

Jon Alonsok, ikerketa handia eta sakona egin du era bateko eta besteko iturrietan murgilduz, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko, baita suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere.
“Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa”. Biak landu eta jorratu ditu egileak.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika Beka jaso zuen idazleak lan hori idazteko, izan ere, “noizbait denontzat bizigarria izango den herri bat eraikiko badugu, bidean gertatu diren izugarrikeria guztiak hartu beharko baitira gogoan”.

Jon Alonso 1958an jaio zen Iruñean eta  itzultzaile egiten du lan. Literaturan, saiakerak eta eleberriak idatzi izan ditu gehienbat, eta Saramago, Cortázar edo Lévi-Strauss bezalako idazleak euskaratu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button