ESZENA

Bilboko Udalak antolatutako “Artistak Egoitzan” programaren proiektuak

BilbaoEszenak hiriko arte eszenikoen arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatu eta sustatu nahi duen Artistak Egoitzan programaren hamabigarren edizioko irabazleak aukeratu ditu. Proiektu bakoitzak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du, baita laguntza artistikoa eta teknikoa ere.

Guztira hiru dira irabazle suertatu diren proposamenak, denak ere emakumeek sortuak eta gidatuak: Leiho zikin, zeru urdin, Oihana Vesgaren dantza garaikideko proiektua; Benetan Be kolektiboaren Porno vs. Afrodita antzerki-musikako proposamena; Igogailua, Sorginen Lantegiaren arte eszenikoen diziplina anitzeko proiektua.

Lehen proposamena Leiho zikin, zeru urdin, Oihana Vesgaren dantza garaikideko proiektua da, espazio eta testuinguru zehatzek emakumearen gorputzean duten eragina aztertzen duena. “Mugimenduaren eta ahotsaren bidez, espazioaren eraldaketak eta generoari dagokionez duen portaera ikertzen dira.” BAD jaialdiaren hurrengo edizioan, piezarekin batera, Laida Zapre argazkilariaren 404.lauzerolau proiektua aurkeztuko da. Pieza gaztelaniaz zein euskaraz aurkeztuko da.

Benetan Be ekimenak Porno vs Afrodita ikuskizuna aurkeztuko du, “gure ezintasunak, nahigabeak, atsekabeak eta gainerako ergelkeria sexualak eta afektiboak elkarrekin partekatzeko eta barre egiteko asmoz”. Euskaraz egingo dute lana Patricia Urrutiak, Ion Zumelagak eta Juanjo Oterok.

Azkenik, Itziar Fragua, Aiora Sedano, Esti Villa eta Arantza Lopez artistek sortuko dute Igogailua tragikomedia. Hiru aktore beraiek sortutako alegiazko mundu batean sartuko dira, eta  “beldurrei eta segurtasunik ezari, izan beharko luketena ez izateari, eta batez ere, askotan ulertzen ez duten mundu batean bizitzeari buruzko istorioa” kontatuko dute. Estreinaldia 2021. urtearen hasieran izango da, euskaraz eta gaztelaniaz

Hamabigarren deialdi honetara 35 proiektu aurkeztu dira, horietako 10 euskaraz, era askotako diziplinak dituztenak, hala nola dantza garaikidea, performancea, ikus-entzunezkoak, dramaturgia berriak edo diziplina anitzeko lan eszenikoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button