BERTSOTAN

Larunbat honetan Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketako bi saio jokatu dira

Larunbatean jokatu zen Zalduondoko Zeledon toki elkartean Arabako Kuadrilla arteko txapelketaren bigarren kanporaketa, Lautadako taldea Errioxako taldearen aurka. Kanpoaldeko haize zoroak lagundurik, festa giro ederrean aritu ziren bertsolariak. Lautadako taldean, berdez jantzita, promesa ugari aritu ziren: Jon Pinedo, Oier Suarez, Maialen Mateo, Bingen Sainz, Jon Unai Axpe eta Oihane Perea. Haiek izan ziren garaile. Eta Errioxako taldean hiru bertsolari gorriz jantzita: Orlando Arreitunandia, Edurne Azkarate eta Endika Sarabia. Gai jartzen Lautadako taldekide bi: Jone Otxoa eta Beñat Oribe.
Bapo bazkaldu ostean bertso jarrien txapelketarekin hasi ziren parte hartzaileak. Norberaren herria gaitzat hartuta bertso sorta ederrak entzun ahal izan ziren. Zalduondoko taldea eta Aguraingo bi elkarren artean lehian. Azkenean Aguraingo makarrak izan ziren garaile, Evaristoren doinuekin finalerdietara joango dira euren herria defendatzera.
Hurrengo hitzordua martxoaren 5ean izango da Lezamako txokoan, Lautadako taldea Aiaraldekoaren aurka. Lautada-Errioxa-Aiaraldea ligilla honetan puntuak gehituz joan behar da finalerdietara nor joango den erabakitzeko.

Beste aldetik, Aizkora tabernan jokatutako saioarekin eman zitzaion hasiera Gasteizko ligari. Aizkorak Zorroztu eta Kakiturri-Ehari taldeek zuten zita eta berrogeita hamar bat bertsozale bildu ziren saiora. Bazkaria trikitilariek animatu zuten, eta horren ostean bertsoetara jo zen. Saioa bertso sorta kolektiboekin hasi zen, eta horrela Bertso Gurasoak taldeak paperean prestatutako bertsoak kantatu zituen. Horren ostean Kandido Anda gai-jartzaileak hartu zuen hitza eta Kuadrilla arteko Txapelketa aurkeztu ostean sei bertsolariek agurrari ekin zioten.
Saioa oso parekatua izan zen, baina betiko legez talde batek irabazi behar du, eta epaileek Kakiturri-Ehari taldeak irabazi zuela erabaki zuen. Beste behin ere bertsoez gozatzeko aukera aprobetxatuz giro polita eta beroa sortu zuten bai bertsolariek eta bai bertan egondako bertsozaleek.

Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button