
Belen Moreno artistaren Paisaia paraleloak erakusketa antolatu dute Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan azaroaren 21etik abenduaren 5era. Bertan marrazkiak, pinturak, eskulturak eta instalazioak ikusi ahalko dira. Erakusketa hau 21AULKI ekimenaren barruan antolatu da, egungo artista plastikoen lana ikusarazteko, eta erakusketak egiteko artistentzat baldintza egokiak eskaintzeko helburua duena..
Artistaren hitzetan, “Paisaia paraleloak erakusketak marrazki eta zirriborroen aukeraketa bat biltzen du. Marrazkiak, alde batetik, teknika mistoekin sortutako estudioko pieza esperimentalak dira, eta bestetik, kaleko zirriborroak, lapurtutako marrazkiak dira, inguruko erretratuen eguneroko erregistro moduko bat. Erakusketa pintura, eskultura eta instalazio txiki batzuekin ere osatzen da.
Erakusketa honek prozesuekiko interesa islatzen du: marrazkiaren bidez pentsatzea, ehunka koadernotan, material edo teknika batetik bestera igarotzea, eta pixkanaka argitasun espazio bat sortzea. Hariak aurkitzea da kontua, urrunetik, elkarri lotutako elementuen sare bat ehuntzea. Horrek guztiak osatzen du Paisaia paraleloak”.
Erakusketekin lotuta, Artemugarri argitalpen proiektua jarri da martxan. Orain arte Onintza Etxebeste, Allende Arnaiz eta Ainara Lasaren artista liburuak publikatu dituzte, eta oraingoan ere Belen Morenorenak argia ikusiko du.



