EZLEKUBAT

Zuhar Iruretagoiena: “Sorkuntzaren prozesuari oso irekita egoten naiz beti”

Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarraren Vexations (Irainak) instalazioa paratu du Bilboko Guggenheim Museoan urriaren 7ra bitarte. Gipuzkoarrarena Guggenheim Bilbao Horma lehiaketaren baitan aukeratutako bost artistetako hirugarrena da. Obra Eric Satie musikari frantsesaren izen bereko partituran oinarritzen da. Bideoan berriz, saxofonista bat eta biolin-jotzaile bat sabaitik zintzilikatuta ageri dira, Satieren partitura behin eta berriz jotzen duten bitartean. Iruretagoienarekin mintzatu gara obra honen inguruko xehetasun guztien berri izateko.

Zertan datza Vexations proiektua?

Vexations proiektua nire azken lana da. Bertan oraintxe bertan interesatzen zaizkidan arlo eta esparruak jorratzen eta esperimentatzen saiatu naiz. Akzio konkretu bat du ardatz, bi musikariekin kolaborazioan jaiotako akzio batetatik abiatuz, gerora sortu diren piezak osatzen dute. Esan nahi dudana zera da: akzio horren erregistrotik pieza desberdinak sortu direla; musika diskoa (biniloa), argazki serie bat, bideoa eta bi molde.

Zeintzuk izan dira topatu dituzun zailtasun garrantzitsuenak?

Beti gertatzen den bezala, sortzaile gazteok sortzeko dugun lehen arazoa dirua eskuratzea izaten da. Esparru material hori alde batera utzita, zailtasuna musikariekin akordio batera iristea izan da, akzio berak (bi musikari horma batzuen kontra kolpatzea, Satiren partitura bat interpretatzen duten bitartean) zailtasuna baitu. Musikariak nigan konfiantza guztia eduki behar zuten eta, gainera, beraien instrumentua, hau da, lantresna, arriskuan jartzeko prest egon behar zuten.

Vexations-en oinarria musika dela esan genezake, zer nolako garrantzia dauka musikak zure obran eta zure bizitzan?

Galdera honi ez dakit nola erantzun. Egia da proiektu honetan musikaren partaidetza handia dela, baina kasualitatea izan da, hau da, nik akzio bat egin nahi nuen, non bi pertsona pareten kontra kolpatzen nituen, beraiek zerbait polita eraikitzen saiatzen ziren bitartean. Beraz, abstraktuan margolariak edo marrazkilariak izan zitezkeen, baina azkenean arazo logistikoagatik eta akzioa sinplifikatzeagatik musikariak aukeratu nituen. Horren ondorioz, zein pieza jotzen zuten aukeratu beharra zegoen, eta Sati-ren Vejaciones aukera ona iruditu zitzaidan. Alde batetik, lanaren kontzeptuarekin bat zetorrelako eta bestalde, estrukturalki zentzua indartzen laguntzen zuelako. Hortaz, egia esanda, pixka bat kasualitatez hasi zena, proiektuaren izenburu bilakatu da, kar, kar. Horrela, egiten dut lan eta prozesuari beti oso irekita egoten naiz, bertan gauzarik garrantzitsuenak eta politenak gertatzen baitira.

Zer nolako erreakzio bilatzen duzu bisitariarengan?

Ummmmmmmmm, bisitariengan ez dakit. Ez naiz bisitariarengan edo ikuslearengan asko pentsatzen duen pertsona. Nik sortzeko momentuan ez dut horretan pentsatzen eta gero ere, ez gehiegirik. Zerbait sortzearekin niri nahia beteta dagoela esango nuke. Egia da Errekaldeko erakusketarekin jendeak negar egin zuela esan zidatela, eta alde batetik pena eman zidala, baina bestalde norbaitengan negarra sortu izanak nire proiektuaren potentzian sinestea eragiten dit.

Zure egitasmoaren ardatzak pertsonek euren ametsak lortzeko jaso ditzaketen umilazioei erreparatzen die. Artistok ere holakoak ere jasaten dituzue zuen ametsak gauzatzeko?

Bueno esaten duzuna egia da, baina behinola egunkari batek galdera bera egin zidan eta berdin erantzungo dizut. Era berean, galdetu zidaten ea proiektu honekin zer nahi nuen… eta hori erantzun nuen: pertsonek ametsak lortzeko jasateko prest gaudela erakustea zela helburua, nolabait. Baina egia esan, nahia askoz abstraktuagoa zen. Esan bezala bi sortzaile pareten kontra kolpatu nahi nituen zerbait eraikitzen saiatzen ziren bitartean. Beraz, bai artistek hori jasaten dugu seguruenik inork baina gehiago. Baina orokorrean pertsonek, ametsen ondorioz, egoera gogorrak jasaten ditugu, ilusio horrek sortzen duen indarraren ondorioz.

Zure jardunean diziplina ugari jorratzen dituzu, zergatik? eta zeinetan aritzen zara gustukoen?

Bueno hau nire bizitzan, ia dena bezala, denboraldika doa…. Gustukoena garaiaren arabera, egia da gehien maite dudana, abstraktuki hitz eginda, eskultura dela, edo behintzat gauza begirada eta ulerkortasun eskultoriko batetik lantzea, nahiz eta bideo bat izan, Vexations-en kasuan. Bideoa era formal eta estruktural batean lantzen saiatu naiz, narratibak eta irudiak ez dute estruktura eta erritmoak adina garrantzi.

Zer suposatzen du zuretzat Guggenheim museoan erakustea?

Beste aurrerapauso bat suposatzen du, orokorrean edozein beka edo sari bezala, premio txiki bat. Egia da entitatearen izenagatik beste konnotazio batzuk hartzen dituela eta egia ere bada lan hau besteak baino jende askoz gehiagok ikusiko duela. Guggenheimeko bisitari guztiek nahitaez ateratzean ikusi behar dutela, kar, kar, behartuta daude.

Arte Ederretako irakasle izanda nola ikusten duzu Euskal Herriko arte harrobia?

Bueno irakasle izanik, ezin diot galdera honi erantzun sakonik eman, fakultatean ez baitago artistarik, ikasleak baizik. Artista bat gerora sortzen da. Arte Ederrak ikasten duten guztiak ez daude prest borroka horretan amorruz lehiatzeko. Borroka gogorra eta nekosoa da, eta oso konbentzituta egon behar da. Bizi apustu bat da, eta hori fakultatetik atera eta gero egiten dela pentsatzen dut. Bestalde plan berriak eta estrukturen aldaketak, irakaskuntza eta irakaskuntzaren mailan eragin handia izan dute azken urteotan. Gaur egun, artistak sortu edo formatu beharrean, arte aplikatuentzako jende espezializatua sortzen da. Pena handia ematen dit, baina horrela dela pentsatzen dut. Harrobiari dagokionez, ondo dago, agian ez dut 23 urteko jendearengan konfiantza gehiegirik, baina halere, bada jende gazte asko gauza interesanteak egiten ari dena 25-35 urte bitartekoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button